Mareak Jaialdiak hainbat estiloko kultur ekimenak dakartza datorren asterako
Adin ezberdinetako herritarrek kulturaz gozatzeko aukera edukiko dute urriaren 6tik 11ra. Ezinbestekoa izango da aldez aurretik sarreren erreserba egitea.
Urria da Mareak jaialdiaren hilabetea, eta aurtengoa urte berezia bada ere, ez du hutsik egingo. Seigarren urtez, abangoardia eta tradizioa batzen dituen hainbat arte diziplanatako ekimenak ekarriko ditu Bermeora urriaren 6tik 11ra bitartean, herritar guztiei kulturaz gozatzeko aukera eman asmoz.
Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB 2000 elkarteak antolatzen dute Mareak jaialdia, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Adin eta kultur ezagutza desberdinetako pertsonak elkartuko ditu beste behin ere Mareak jaialdiak. Egitarau zabala eta anitza prestatu dute, eta inguruko zein nazioarteko era guztietako artista eta sortzaileekin ondo pasatzeko aukera eskainiko dute.
Aurreko urteetako joerari eutsita, agertoki desberdinak aukeratu dituzte. Hala, Nestor Basterretxea aretoan, Frantziskotarren klaustroan eta Bermeoko kafe Antzokian izango dira aurtengo ekitaldiak. Kontzertuak, hitzaldiak, proiekzioak…egongo dira aukeran.
Mareak jaialdiko antolatzaile Ane Ortuberen esanetan, aurten “ez da erraza” izan jaialdia antolatzea: “Bizi dugun egoerak sortzen dituen oztopoak zaildu egiten du aurrera egitea”. Hala eta guztiz ere, oztopoak oztopo, “proposamen polita” dakartela uste du. Modu horretan, herritar guztiak animatu ditu jaialdian parte hartzera.
Barikuan eta zapatuan herritarrek ekitaldi bat baino gehiago izango dituzte aukeran, hala ere, denetan parte hartzea posible dela esan du Ortubek.
COVID-19agatik edukiera mugatua izango da ekitaldi guztietan. Horregatik, ezinbestekoa izango da aldez aurretik sarreren erreserba egitea, sarrerak dohainik direnean ere bai. Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean (bermeokokafeantzokia.com) egin beharko da erreserba. Urriaren 9an (barikua) izango den Fadoak entzuten zituen Gizona antzerkirako, hala ere, sarrerak Gizarte eta Kultura Etxean hartu beharko direla azaldu dute.
Bermeoko Udaleko kultura zinegotzi Alazne Zumetaren ustez, kultur ekintzak antolatzea “ezinbestekoa” da. Horregatik, kulturaren aldeko apustu sendoa egin dutela gaineratu du. Udazkenerako antolatutako kultur ekintza guztiak, hala ere, segurtasun eta osasun neurriak “zorrotz beteta” egingo direla zehaztu du: “Ikusle eta entzuleei mesedez eskatzen diegu ekitaldietan arduraz jokatzeko eta antolatzaileen gomendioak jarraitzeko. Kultura segurua da eta horren aldeko apustua egin dugu”.
Mareak jaialdia gain, udazkenean nagusientzako zein umeentzako antzerkiak antolatu dituzte, bai eta tailerrak ere. Zinema ere martxan hasiko da urriaren 10ean.
Egitaraua
Urriak 6, martitzena
20:30. B-movie: Lust & Sound Berlin (1979-1989) filma ikusgai, Nestor Basterretxea aretoan.
Urriak 7, eguaztena
19:00. Giza-ehorzketak Euskal Herrian Historiaurrearen amaieran hitzaldia, Nestor Basterretxea aretoan. Hizlaria: J.A. Mujika Alustiza.
Urriak 8, eguena
20:00. Gernika-Lumoko Tashakor taldearen kontzertua, Frantziskotarren klaustroan.
Urriak 9, barikua
18:00. Didau Antzerki Faktoriaren Frankenstein haurrentzako antzerkia, Bermeoko Kafe Antzokian.
19:00. Oficios populares vinculados a prácticas magicas en el folclore vasco hitzaldia, Frantziskotarren klaustroan. Hizlaria: Maria Martinez Pison Maria Bramble.
20:00. Xake produkzioaken Fadoak entzuten zituen gizona, Nestor Basterretxea areoan.
Urriak 10, zapatua
13:30. Gofanno (Frantzia) taldearen kontzertua, Frantziskotarren klaustroan.
19:00. Josef Van Wissemen (Rotterdam) kontzertua, Frantziskorren klaustroan.
21:30. Tercer Sol (Valentzia, Herrialde Katalanak) eta Hermana Mary (Bilbo) taldeen kontzertuak, Bermeoko Kafe Antzokian.
Urriak 10 eta 11
11:00. Bermio, hiru aldiz suzko aztarna jite psikogeografikoa ibilbidea. Ian Masonek ikuskizun berezia eskainiko du, Frantziskotarren klaustroan.