Bidaia luzearen kontaketa
Txaber Larreategi natxituarrak eta Josu Martinez bilbotarrak 'Caminho Longe' aurkeztu dute Zinemaldiko Zinemira sailean. Deportazioaren amaiera, etxera bueltatzea islatu dute dokumentalean.
Sorterritik alde egin behar izatea gogorra izan ohi da, batez ere kanpora alde egite hori gogoz kontrakoa bada. Deportatuek ondo dakite hori, beste herrialde batera ailegatzea eta bizitza berri bat hastea beste aukerarik ez baitute izaten.
Kontrako bidaia kontatzen du Txaber Larreategi natxituarraren eta Josu Martinez bilbotarraren Caminho Longe dokumentalak. Hamarkadak etxetik kanpo igarota, Euskal Herrira bueltatzeko bidaia, eta etxeko lehen zaporeak. Alfonso Etxegarai ETAko militante ohia eta Kristiane Etxaluz bikotekidea dira protagonistak; sakoneko gaia dago atzean.
Orain dela hamar urte Sagarraren denbora grabatu zuten eurekin. Etxegarai Afrikan deportatuta zegoen, eta dokumental horretan, “atzera begira, euren historia militantea kontatu zuten, eta deportazioak zelan markatu duen” euren bizitza: “1985ean deportatu zuten Alfonso, eta 1986ean bidali zuten Guinean dagoen Sao Tome irla txiki batera. Euren bizitza apur bat stand by-en zegoen azkenengo hiru hamarkadetan, eta dokumental horretan kontatzen zen zelan markatu duen deportazioak euren bizitza. Esan dezakegu amaiera barik edo hiru puntugaz amaitzen zela dokumental hori. Orain dela urtebete inguru jakin genuen Euskal Herrira etortzeko asmoa zeukala Alfonsok, eta orduan pentsatu genuen bazela aukera bat amaiera bat emateko Sagarren denbora-ri, eta hortik irten da Caminho Longe dokumentala. Amaiera bat ematea pentsatzen genuen, baina amaiera bat baino hasiera berri bat da topatu duguna”.
Bikoteak deportazioaren amaierari zelan aurre egiten dion kontatzen du dokumentalak, “zelan uzten duen atzean bizitza bat, eta zelan bizi duten bizitza berri baterako bidaia hori”. Sao Tomen pasatu zuten azken astea, bueltako bidaia eta hemengo lehen inpresioak jaso dituzte.
Iazko abuztu amaieratik urte amaiera bitartean egin zituzten grabaketak, eta Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten aurreko astean. Sail ofizialetik kanpo, euskal ekoizpenak edo beste sailetan sartzen ez diren zuzendari berriak batzen ditu Zinemirak.
Bi zuzendariak eta Etxaluz egon ziren Donostian, eta aurkeztu ondoren, solasaldia egin zuten dokumentala ikustera bertaratu zirenekin. “Aurkezpena berezia izan zen. Uste dugu ikusleak inpresio onagaz geratu zirela, batez ere zer pentsatu ematen duelako; galderak eta kezkak sortzen ditu jendearengan. Eta gure helburua ere bazen hori. Ez dugu eduki asmorik ezelako mezurik zabaltzeko dokumental honegaz, baina bai gai batzuk mahai gainera atera, eta galdera batzuk planteatzeko”. Era berean, egoeragatik ere berezia izan zen, aurkezpenean aforo mugatua eduki baitzuten: “Jarlekuen erdiak bakarrik bete ahal ziren. Aretoa beteta egon zen, baina erdi hutsik”.
Sagarren denbora-k eta Caminho Longe-k galdera desberdinak planteatzen dituztela uste dute zuzendariek. Lehenengoa “iraganari begirakoa” izan zen, eta oraingoa “batez ere etorkizunari begirakoak” dira: “Gatazka armatua orain dela urte batzuetatik dabil amaitzen, baina urteetan luzatzen dabil. Eta galderak aldatzen ari dira. Orain dela hamar urte Sagarren denbora estreinatu genuenean edo orain, bestelako galderak sortzen dira. Galderak desberdinak dira. Sagarren denbora iraganari begirako gauza bat izan zen, orain dela hamarkada batzuk ezarritako eskemen araberakoa. Orain zalantzak gehiago dira etorkizunari begirakoak; ‘Eta orain zer?’ Argitasunak edo ziurtzat eduki ditugun gauzak ez dabiltza garatzen inork imajinatzen zuen moduan. Batez ere guk enfokatzen dugu bikote baten ikuspegitik ‘eta orain zer?’ hori hedatu daiteke beste aspektu batzuetara”.
Jendearen laguntza
Crowdfunding kanpaina egin zuten dokumentala grabatu ahal izateko, eta erantzun ona eduki zuten. “Jendearen ekarpenekin finantzatu genuen gehienbat. Jaurlaritzak eta aldundiak ikus-entzunezkoei laguntzeko dituzten deialdietara ere aurkeztu ginen, baina ez dugu jaso laguntzarik. Eskertzekoa da jendearen inplikazioa crowdfunding kanpainan, eta horregatik, lagundu duen jende horrentzako guztiarentzako emanaldiak egingo ditugu lehenengo, eta gero, hortik aurrera, ikusiko da ze ibilbide daukan”.
Urtarriletik aurrera, hiriburuetako zinemetan sartzeko asmoa dute, eta gero, herriz herri dokumentala eman. “Urtarrilera atzeratzea pentsatzen genuen ea egoera apur bat baretzen den, baina ez du ematen hori gertatuko denik. Gainera, udaberrian eta udan estreinatu ez diren film asko pilatu egin direla. Logikoa den moduan, gure asmoa da ahalik-eta jende gehienengana heltzea. Behintzat, estrenatu dugu, eta hasi du ibilbidea”.