Sarek 650 tontor ekimena atzeratzea erabaki du
Gailurretara igotzeko segurtasuna bermatzeko ezintasunak behartuta hartu du erabakia; 2021eko maiatzaren 8an egingo dute ekimena
Sarek biharko antolatuta zuen 650 tontor ekimena atzeratzeko erabakia hartu du, iragarritako eguraldi kaxkarragatik. Atzo eman zuten erabakiaren berri, eta 2021eko maiatzaren 8an egingo dutela jakinarazi du.
Herritarrei eskerrak emanez azaldu zuen gailurretara igotzeko segurtasuna bermatzeko ezintasunak behartuta hartu dutela erabakia: «Ekimen honi begira sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua aintzat hartuta erabaki dugu mendi tontorren igoera historikoa atzeratzea, baldintza egokietan egiteko aukera izango dugula ziurtatzeko». Izen emateak mantendu egingo dituztela adierazi dute.
Bihar mendietara igo ezin arren, herrietan elkartzeko deia egin die Sarek herritarrei. Hain zuzen, 12:00ak edo 3:00ak inguruan biltzeko eta argazki erraldoia ateratzeko proposamena egin du.
Sareetatik zabaltzeko, honako zenbakietara bidaltzeko eskatu du: 678 13 74 05 (Ipar Euskal Herria eta Araba); 688 67 46 79 (Bizkaia); 688 62 83 66 (Gipuzkoa) eta 688 81 20 34 (Nafarroa).