Bermeoko udalak herritarren lehentasunak ezagutzeko parte hartze prozesua abiarazi du
Bermeoko Udalak inprimaki bat prestatu du herritarrek parte hartu ahal izateko, eta horretan bi ariketa "erraz" daude. Parte hartzea "zabala" izatea espero dute
Bermeoko Udala 2021. urteko aurrekontua prestatzeko lehen urratsak ematen dabil. Hala, batetik, datorren urteko ordenantza fiskalak onartu dituzte, eta bestetik, parte hartze prozesu bat abiarazi dute. Izan ere, udalak herritarren lehentasunak eta iritziak ezagutu gura ditu.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan duenez, 2021. urtea “ekonomikoki zaila” izango dela aurreikusten dute. Horregatik, adierazi duenez, orain abiarazi duten parte hartze prozesua 2020ko aurrekontuetan egindakoaren jarraipena modura proposatzen dute: “Datorren urtean baliabide ekonomikoak askoz ere murritzagoak izango dira COVID-19aren ondorioz bizi izan dugun geldialdiagatik. Horregatik, orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da duela hilabete batzuk herritatarren iritzia entzunez ezarritako lehentasunak errepasatu eta eguneratzea”. Udalaren bide orria herritarren lehentasunak direla azaldu du alkateak.
Hiru bide parte hartzeko. Herritarrek prozesuan parte hartu ahal izateko Bermeoko Udalak inprimaki bat prestatu du. Aipatu inprimakian bi ariketa “erraz” aurki daitezke.
Alde batetik, herritarrek 1etik 6ra ordenatu beharko dituzte ondorengo lan lerroak: Berraktibazio ekonomikoa, irisgarritasuna, segurtasuna, garbitasuna, aisialdia/kultura/ kirola eta arlo soziala. Lehentasunen arabera sailkatu beharko dira (1 zenbakia jarriko zaio lehentasun handienari eta 6 txikienari).
Beste alde batetik, herritarrek proposamenak egiteko aukera ere edukiko dute. Hala, herritarrek Bermeorentzako onuragarriak diren neurri edo ekintzak proposatu ahalko dituzte, betiere, beste ariketan proposatutako sei lan lerroen eskema jarraituta.
Herritarrek etxebizitzan jaso dute inprimakia. Hala ere, udalaren webgunean (www.bermeo.eus) deskargatzeko aukera ere badago, eta elektronikoki betetzeko aukera ere eskaintzen duela diote. Azkenik, Gizarte eta Kultura Etxean, udal liburutegian edo Berhaz bulegoan ere eskuragai daude.
Herritarrek ez dute izen-abizenik jarri beharko inprimakian, baina adina, sexua eta bizi den ingurua zehaztu beharko dituzte.
Behin dokumentua beteta, partehartzea@bermeo.eus helbide elektronikora bidali daiteke edota Berhaz bulegoan, Gizarte eta Kultura Etxean eta liburutegian jarri dituzten hautestsontzietara bota daiteke.
Datorren aurteko aurrekontua “herritarren beharrizanetara ahalik-eta hurbilen” egotea gura du Bermeoko Udalak. Horregatik, aurreko prozesu parte hartzailean modura, herritarren parte hartzea «zabala» izatea espero dute.