Bakearen museoak ibilbide gidatu berriak eskainiko ditu azaroan
Bi ibilbide berri egiteko aukera izango dute herritarrek azaroan; hirugarren ibilbide berri bat ere aurkeztu du museoak, 2021ean eskainiko duena
Udazkenagaz batera, bisita gidatuak eskainiko ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Hain zuzen, lau ibilbide interesgarri izango dituzte herritar eta bisitariek aukeran. Berrikuntza legez, azaroan hasiko diren bi ibilbide gidatu aurkeztu ditu Bakearen museoak. Doanekoak izango dira eta gehienez 9 pertsona onartuko dituzte bakoitzean. Gernikako hilerria: Gerra Zibilaren lekuko da berrien artean ibilbideetako bat, azaroaren 7an eta 8an egingo dutena. Bestea, Gernikar emakumeak: XX.mendeko aldaketak euren bizipenen bidez izenekoa, azaroaren 24tik 26ra egin ahalko dena.
Bi horiez gain, hirugarren ibilbide berri bat ere aurkeztu du Bakearen Museoak: Gernikako bonbardaketa gerrako berri emaileen begietatik. Hori, baina, 2021ean eskainiko du.
Urriko eskaintza. Urrian zehar eskura izango diren ibilbide gidatuetan ere COVID-19ak agindutako segurtasun eta osasun neurriak jarraituko dituzte, eta gehienez 9 pertsona onartuko dira ibilbide bakoitzean. Horregatik, erreserba egitea komenigarria dela zehaztu du museoak.
Europako Ondarearen jardunaldien programaren barruan, Bizkaiko Ondarera hurbiltzeko aukera izango da, publiko desberdinentzako xedaturiko jardueren bidez. Ondare hori ezagutzea, gozatzea, baloratzea eta babesteko beharraz jabetzea izango da helburua. Aurten, gainera, lehen hezkuntzako eskola zaharrek, institutuek, unibertsitateek, eta abarrek hartuko dute protagonismoa. Horrela, Bakearen museoak oinez egiteko ibilbide gidatu berezia prestatu du Gernikako eskolak: Errepublika garaitik guerra ostera izenburupean.
Ordu eta erdiko ibilbide gidatua izango da, eta honako data hauetan eskainiko dute: Urriaren 6tik 9ra, 13tik 16ra eta urriaren 30ean. Euskaraz eta erdaraz egingo dituzte.
Memoritour Gernika izenekoa ere eskainiko dute urritik aurrera. Tour horrek lau ibilbide biltzen ditu, ordubetekoa bakoitza: babesleku antiaereoak, Gernikako berreraikuntza, Picasso eta ‘Guernica’ eta biktimen memoriaren omenezko monumentuak. Martitzenetik barikura, zazpi ibilbide eskainiko ditu museoak, honako ordutegian: 10:15ean, 11:30ean, 12:00etan, 12:45ean, 13:15ean, 16:00etan eta 17:15ean. Hizkuntza desberdinetan eskaintzen dira horiek ere, eta bisitariak aukeratu dezake zeinetan egin.
Asteburu eta astelehenetan, berriz, hiru bisita eskainiko dira 10:30ean (euskaraz) eta 11:30ean eta 12:45ean (gazteleraz). Ibilbide gidatu horien kasuan ere, bakoitzean gehienez 9 pertsona onartuko dira.