Akuarelen erakusleiho
Euskal Herria museoak eta kultur etxeak akuarelak dituzte erakusten; Euskal Akuarelarien Elkartekoen lanak dira batzuk, eta Gernikako lehiaketara aurkeztutakoak besteak.
Zein begik ikusi, irudikatu ere halaxe. Gernika-Lumo eta Bizkaiko hainbat leku islatzen dituzten margolanak daude ikusgai Gernika-Lumon. Akuarelak dira, eta erakusten daude Euskal Herria Museoan eta kultur etxean. Euskal Akuarelarien Elkartearen lanak hartu ditu lehenengoak, eta urriaren 18ra bitartean egongo dira ikusgai. Kultur etxeak, berriz, irailaren 19an Gernika-Lumoko lau gunek hartu zuten akuarela lehiaketako lanak hartu ditu. Lehiaketa horrek inauguratu zuen orain Euskal Herria museoan ikusgai dagoen erakusketa.
Kulturak eta arteak gaur egun bizi duen egoera honetan, erakusketa jartzea elkartearen eta museoaren arteko elkarlanari esker izan da posible. 23 akuarela zintzilikatu dituzte Alegria jauregi ondoan dagoen aretoko hormetan. Horietatik bat, baina, saldu dute, eta aurerrantzean 22 lan egongo dira ikusgai. Erakusketa berezia dela azaldu du Euskal Akuarelarien Elkarteak, «alde batetik, elkartearen 75. urteurrena delako eta, bestetik, elkarteko fundatzaile izandako Kuan de Arostegi y Barbierren jaioterria delako Gernika-Lumo».
Haren izena darama erakusketak, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan akuarelarien sorkuntzaren irudi da. Teknika horrek dituen berezitasunak baliatuta, irudi errealagoak zein abstraktuak margotu ditzake artistak. Kolore biziak erakusten dituzte batzuek, nahasketaren ondoriozko emaitza zehatzak beste batzuek. Iluntasunera jo duen artisten lanak ere badaude ikusgai erakusketan. Paisaiak, herriguneak, hiriguneak, inguru naturalak edota toi zein motibo konkretuak islatzen dituzte margolanek. Bilboko metroaren eskailerak edota Guggenheim museoaz gain, Gernikako Picasso kalea, Murueta, Lekeitioko portua, Laida hondartza, Gaztelugatxe edo Mutriku erakusten duten irudiak ere badira erakusketan.
Gernikako arbolari erreferentzia egiten dion akuarela da ikusgai dauden 22 lanen artean beste bat. Bizigarria izenekoa, enborretik gora pertsona baten gorputza luzatzen den motiboa erakusten du, herria eta herritarren irudikapena, sustraietatik hasi, eta arbolak herritarren fruituak eman eta munduan zehar zabalduz.
Gernika akuareletan. Gernika-Lumoko Kulture Etxeak ere akuarelen erakusketa du ikusgai. Hain zuzen, Euskal Herria museoan ipini dutena inauguratzeko antolatu zuten akuarelen lehiaketako emaitzak dira erakusketa aretoan daudenak. 21 artistak parte hartu zuten irailarten 19an egin zen lehiaketan. Alegria Jauregiko lorategia, Eurioako Herrien Parkea, Picasso plaza eta Pasealekua izan zuten aukeran, akuarelak margotzeko gune bezala.
Lehiaketara aurkeztu zituzten lanen artean, Jose Reyes Ramosen Casa de Juntas izeneko koadroa izan zen lehenengo saria hartu zuena (1.200 euroko diru-saria. Bigarren saria Ricardo Azkagorta Zelaiak hartu zuen (800 euroko diru-saria). Beste lau margolarik accesitak lortu zituzten beraien lanengatik: Lydia Cuevas, Juan Carlos Lang, Juan Carlos Aresti eta Jose Manuel Mendezek, hain zuzen ere.
Kultur Etxean ipini duten akuarelen erakusketa urriaren 9ra arte egongo da ikusgai.