Eskubideak gorenetik aldarrikatzeko 15 tontor
Presoak etxeratzeko bidean kilometroak zenbatuko dituzte urriaren 3an. Euskal Herriko 650 tontor egiteko deia egin du Sarek; Busturialdean 15 gailur jendez beteko dituzte
Erronka garrantzitsua bezain esanguratsua proposatu die Sarek herritarrei. Euskal Herriko 650 tontor jendez bete gura dituzte, presoen eta iheslarien etxeratzearen zein elkarbizitza eta bakearen aldeko pausoak gehitzeko. Busturialdean 15 izango dira zapatuan egingo dituzten gailurrak.
Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu dute ekimena, eta Busturialdean 17 herrik parte hartuko dute. Herri bakoitzeko tontor bat zehaztu dute, baita nondik eta zein ordutan aterako diren [zerrenda, hemen]. Busturia, Mundaka eta Sukarrietatik, oinez ez ezik, mendiko bizikletan igotzeko deialdia egin dute. Katillotxu da hiru herri horiei egokitutako mendia, eta hiru herrietatik igo daitekeela zehaztu dute antolatzaileek. Mendiko bizikletan joango direnentzat irteera ordu desberdina ipini dute herri bakoitzean, inor animatuz gero, igoera hiruetatik egiteko aukera izan dezan.
Gizartearen gehiengoaren nahia. Sareko kideek azaldu dutenez, sakabanaketa eta espetxe politika aldatzearen aldarrikapenagaz bat egiten du gizartearen gehiengoak. “Adierazpenak eta testuak onartu izan dira bai Frantzian, zein Madrilen eta Gasteizen. Baina nahi hori egikaritzea falta da”, zehaztu dute. Presoak eta iheslariak etxeratzeko bidean konpomisoak betetzeko eskatu du Sarek. Zapatuan ere hori berori eskatuko dute: “Jende asko batzea eta eskaria modu transbertsalean egitea da asmoa, inoiz egin den mobilizaziorik zabalenetakoan”.
Horregatik, igotzeko errazak eta erosoak diren gailurrak aukeratu dituzte, “edonor heltzeko modukoak“. Parte hartze zabala bermatu gura dute, eta jende askok parte hartzea espero dute. “Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman” gura dio Sarek. Gailur bakoitzeko arduradun bat izendatuko dute, eta bera izango da Julio Sotok sortutako bertsoa irakurtzearen arduraduna. Gainera, talde argazkia ere aterako dute mendi bakoitzeko gorenean.
Hiru milioi kilometro batzeko aplikazioa. Euskal Herriko 650 gailur igotzeko deialdiak kilometroak gehitzeko balioko duela ere aipatu dute Sareko kideek. Izan ere, maiatzean Izan Bidea aurkeztu zutenean azaldu zutenez, dinamika bera erronka batean oinarrituko da: 3.127.326 Km egitea; hain zuzen, Euskal Herriak biztanle dituen beste kilometro. Xedea, baina, bakarra izango da: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Dagoeneko, ia 3.000 pertsonan artean, ia 230.000 kilometro egin dituzte. Kilometro horiek batzen joateko aplikazioa ere sortub du Sarek: Izan Bidea izenekoa. Hala, herritarrei dei egin die mugikorrean jeisteko eta zapatuko kilometroak ere bertara gehitzeko.
Arazoa “larria” dela azpimarratu dute. COVID-19ak sortutako egoerarekin, gainera, preso daudenen egoera are larriagoa dela esan dute, baita senideena ere. “Bisitak eten dituzte, motxiladun umeen egoerak okerrera egin du, gaixo daudenen eta nagusiak direnen egoera larria da eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenek kalean beharko lukete”. Espetxe eta sakabanaketa politikak aldatzeko eskatuko dute, zapatuan, berriro. Gainera, urriaren 24rako nazio manifestazioa deitu dute, Donostian. “Gero eta ekimen gehiago egiten ditugu, egoera benetan kezkagarria delako”, zehaztu dute.