Laga eta Laida arteko errepidean errei bat itxita dago, oinezkoen bidea egiteko lanengatik
Semaforoen laguntzagaz, txandaka bideratzen dute ibilgailuen joan-etorria. Ia 3km-ko oinezkoentzako bide berdea hiru fasetan egingo dute
Laida eta Laga hondartzak oinezkoentzako bide berdeagaz lotzeko lanak hasi dituzte asteon. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa den Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak sustatutako proiektua da.
Hain zuzen, iazko neguan Lagako hondartzatik lehenengo begiratokira arteko tartean egokitu zuten bide berdea. Eta orain, lehen begiratoki horretatik hasi dituzte lanak. Hortik Laida hondartzako autobus-geltokiaren parera arte hiru bat kilometroko bide berdea egingo dute.
Lanen ondorioz, BI-3234 errepideko errei bat moztu egin dute asteon, eta lanok iraun bitartean, aldiro ibilgailuek txandaka pasatu beharko dute. Bi tartetan semaforo bidez ari dira zirkulazioa bideratzen. “Lanek 2.950 metroko tarte bat hartzen dute, eta hiru fasetan egingo da obra; lan bakoitza hainbat bide-tartetan egingo da BI-3234 errepidearen Laga eta Laidaren eremuan zehar. Beraz, errei bat itxiko da bide-tarte bakoitzeko, eta trafikoa txandaka kontrolatuko da, semaforo baten bidez”, azaldu dute arduradunek.
Asteon hasi berri duten lehenengo fasea azaroaren 6rako amaitzea espero dute. “Fase honetako errepide-mozketak aldizka banatuko dira, hiru bide-tartetan, BI-3234 errepidean zehar”.
Bigarren fasea ere hiru bide-tartetan banatuko da, eta lehen fasea amaitutakoan hasiko da. Hirugarren fasea abenduaren 9an hasi eta abenduaren 30ean amaitzea aurreikusten dute. “Lehen eta bigarren faseetan, mozketa iraunkorrak egingo dira exekutatzen diren bitartean, baina azken faseko mozketak lanaldi bakoitza amaitutakoan kenduko dira”, zehaztu dute.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiaren barruan kokatu dute proiektua. Estrategia horren helburuak honako hauek dira: “Irisgarritasuna hobetzea hiriguneko nahiz landa-inguruneko biztanleguneetara eta erreserbako kultura- eta natura-intereseko guneetara, estuarioko eskuin-ertzaren paisaia indartzea eta intermodalitate-puntu desberdinak konektatzea garraio publikoa sustatzeko”.