Bermeoko Udalak erabaki du 2021ean zergak eta tasak ez igotzea
%60ko hobaria izango dute eguzki energiaren bidez beroa eta elektrizitatea sortzeko sistemak instalatzen dituzten eraikuntzek. EH Bilduk eta Guzanek aurka bozkatu dute.
Bermeoko Udalak 2021erako ordenantza fiskalak onartu ditu. Datorren urtean zergak eta tasak ez igotzea erabaki dute. Joan den barikuko osoko bilkuran onartu zituzten ordenantza fiskalak, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoekin; EH Bilduk eta Guzanek aurka bozkatu zuten.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, inguruabar ekonomikoak eta pandemiaren ondoriek “familiak zuzen-zuzeneak ukitu ditu”. Gauzak horrela, udal gobernuaren ustez, ez da zerga eta tasetan igoerarik ezartzeko unea: “Egoera zein den badakigu, eta badakigu ere familia eta herriko enpresen egoera eta aurreikuspenak zeintzuk izango diren. Argi daukagu ezin ditugula presio fiskalik eta esfortzu gehigarririk eskatu”.
Horrez gain, aurreko urteetako hobariak mantendu egingo dituzte. Hala ere, antolaketan zenbait aldaketa egin behar izan dituztela esan du Idoia Platas zinegotziak: “Ordenantza orokorrean artikulu berri bat sartu dugu. Erabiltzaileen erruz ez denean eta zerbitzua ez denean erabiltzen, zerbitzua ez kobratzeko. Pandemian esan genuen ez genuela kobratuko ematen ez genituen zerbitzuak, esaterako, terrazak. Baina gerora arazo juridikoak izan ditugu. Ordenantza batzuetan puntu hori aurreikusten bazen ere, beste batzuetan ez. Orain, orokorra izango da. Pandemiak ikasteko ere balio izan digu”.
Bestalde, zenbait kasutan obra lizentziaren tasatik zergara pasatzen dira hobariak. Hau da, Hirigintza Lizentzian hobaria aplikatu beharrean, aurrerantzean, Eraikuntza, Instalazio eta Obraren Gaineko Zergan aplikatuko da hobaria. Herritarrek, hala ere, “ez dute aldaketarik nabarituko”. Platasen arabera, juridikoki “seguruago” delako egin dute aldaketa.
Hobari berri baten berri ere eman dute. Aurrerantzean, %60ko hobaria edukiko dute eguzki energiaren bidez beroa edo elektrizitatea sortzeko sistemak instalatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obrek.
“Parte hartzerik ez”. EH Bilduk aurka bozkatu du. Koalizioaren ustez, pandemia ezin da aitzakia izan “fiskalitate bidezkoago eta progresiboago baten alde lan ez egiteko”. Gaineratu dute “gehien daukatenek gehiago ordaindu beharko luketela, baliabide gutxien daukaten bermeotarrak babestuta”. Hala, jakitera eman dutenez, 2021eko fiskalitate proposamenari zuzenketak aurkeztuko dizkiete.
Ordenantzak egiterakoan, gainera, ez dela parte hartzerik bermatu azaldu dute.
EH Bilduko udal taldearen arabera, zerga ezarpen progresiboko sistema sortu beharko litzateke, “errenta eta familia motaren araberako hobari taulak aplikatuz zabor bilketa zerbitzuko tasan”. Etxebizitza hutsen funtzio soziala sustatze aldera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan gainkargua ezartzea aztertzea ere proposatzen dute, bai eta bosgarren edukiontzia erabiltzen duten herritarrei hobariak ezartzea ere.
Guzaneko zinegotziek ere aurkako bozka eman dute, «euren kabuz hartu duten» erabakia dela iritzita: “Batzordera eginda etorri zen dena, eta proposatutako aldaketak aztertzeko denbora nahikorik eman barik. Beste urte batzuetan KPIgaz batera igo dira tasak eta zergak. KPIk behera egin duen honetan, tasak eta zergak izozten dira? Orduan ez dira inoiz jaitsiko, beti gora doaz”.