Urriaren 4an egingo dute Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana
Astelehena da izena emateko azken eguna (18:30ak baino lehen). 16 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute.
Joan den zapaturako deituta zeukan Lurgaia Fundazioak Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana. “Fundaziogaz zerikusirik ez duten arrazoiengatik”, jardunaldia bertan behera utzi beharra eduki zuten. Orain, hala ere, data berria jarri dute: Urriak 4, domeka.
Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, “ezinbestekoa” da parte hartu gure duten horiek izena ematea. Interesdunek info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzi beharko dute: Izen-abizenak, adina, udalerria eta telefono zenbakia bidali beharko dira. Astelehena da izena emateko azken eguna (18:30ak baino lehen). 16 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute.
10 laguneko taldeetan lan egingo dute eta Gaztelugatxeko kala osoan zabalduta lan egingo dute, denbora guztian segurtasun tartea mantendu ahal izateko. Maskara eroatea derrigorrezkoa izango da.
Eneperi jatetxearen aparkalekuan batuko dira boluntarioak, 09:00etan, eta 14:00ak aldera amaituko dute.