Udabarria Bertsotan fasetik Busturialdeko hamar bertsolari sailkatu dira Bizkaiko Txapelketara
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa "printzipioz, datorren urtera atzeratzea" erabaki dute. Eskualdeko hamalau bertsolari ariko dira txapelketan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko azken bi saioak atzo lehiatu zituzten, eta Mikel Retolaza busturiarrak irabazi zuen Derioko saioa.
Udabarria Bertsotan Bizkaiko Bertolari Txapelketarako sailkapen fasea atzo amaitu zen, eta beraz, dagoeneko osatu da txapelketa lehiatuko dutenen zerrenda. Aurten jokatzekoa zen txapelketa, baina “printzipioz datorren urtera” atzeratzea erabaki dutela jakinarazi dute gaur Bizkaiko Bertsozale Elkartetik: “Txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da, euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batetan parte hartu ahal ez izateak, Txapelketa osoa galtzea eragingo luke”. Hala ere, kultura segurua dela berretsiz, udazken honetarako bertso saioen zirkuitotxo bat antolatzen ari direla aurreratu dute: “Kulturak merezi duelako eta bertsozaleek ere bai. Guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu”.
Eskualdeko hamalau bertsolari ariko dira txapelketan. Horietatik hamar dira Udabarria Bertsotan fasetik sailkatutakoak: Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra, Asier Galarza Garai muxikarra, Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarra, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernikarra, Eneko Aldana Carrasco gernikarra, Julen Ibarguengoitia Ordorika gernikarra, Koldo Gezuraga Seijido gernikarra, Beñat Bilbao Landa gernikarra, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria eta Enare Muniategi Etxabe gautegiz arteagarra.
Hain zuzen, atzo lehiatu zituzten aipatu faseko azken bi saioak, Zallan eta Derion. B multzoko saioan, Retolaza busturiarra izan zen puntu gehien lortu zituena: 188,5 puntu. Beragaz batera Josune Aramendi Perez (163,5 puntu) eta Aissa Intxausti Aburruza (162,5 puntu) bigarren eta hirugarren sailkatuek lortu dute Bizkaiko Txapelketarako txartela. Lurdes Ondaro Mallea izan zen laugarrena (144,5 puntu), Eneko Barruetabeña Bilbao bosgarrena (142 puntu) eta Iker Apraiz Solaguren (138,5 puntu) seigarrena.
Zallako A multzoko saioan, Gorka Pagonabarraga Agorria nagusitu zen; bera izan da sailkapen fase honetan puntu gehien lortu dituen bertsolaria: 189,5 puntu. Muñiz gernikarra laugarrena izan zen, 170 puntugaz.
Udabarria Bertsotan fasetik 27 bertsolarik lortu dute Bizkaiko Txapelketara sailkatzea; A multzoko hamahiruk eta B multzoko hamalauk.
2018ko txapelketaren finalaurrekoetan egon ziren bederatzi bertsolari kanporaketetan zuzenean sartuko dira, eta horien artean daude Busturialdeko hiru bertsolari: Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia eta Julen Arzanegi Erezuma gernikarrak eta Ander Elortegi Garatea natxituarra. Orain dela bi urteko finalistak, berriz, finalaurrekoetan sartuko dira, eta horien artean dago egungo txapelduna den Onintza Enbeita Maguregi muxikarra.