San Kristobal baselizaren inguruko lurrak doan eskuratu ditu Foruak
Elizbarrutiarenak ziren bost lursailetatik lau udalaren izen eta jabetzan geratu dira; bestea, berriz, udalaren esku geratu da "aisialdi publikorako eta ingurua babesteko".
“Auzi historiko” bati amaiera eman dio Foruko Udalak. Elizbarrutiarenak ziren San Kristobal baselizaren inguruko lurrak doan eskuratu dituzte, herriaren eta herritarren erabilerarentzat.
Bost lursail daude San Kristobal baselizaren inguruan. Horietako lau udalaren izen eta jabetzan geratu direla azaldu du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak; 2.561,40 metro kuadroko azalera daukate. Bosgarren lursaila, baselizatik hurbilen dagoena (3.355,78 metro kuadro), Foruko Udalaren esku utzi dute, “betiere, aisialdi publikorako erabilia izateko bai eta baselizaren ingurua babesteko ere”. Hala, lursail guztien azalera kontuan izanik, herriak 6.000 metro kuadro inguru eskuratu dituela jakitera eman du alkateak.
Lur horietan hainbat zerbitzu publiko eskaintzen dituztela gogorarazi du Magunazelaiak: “Bideak egin dira, nagusien eta umeen parkea, zabor bilketarako edukiontzien puntua dago, posta-zerbitzua, argiteria publikoaren armairua, udal informazio panelak, iturria…”.
«Zerbitzu handia». Betidanik lur horiek herritarrek erabili izan dituztela dio alkateak: “Sasoi batean kofradia bat ere arduratzen zen lur horietaz”. Gainera, lursail horietan zerbait egiteko «beti baimenak eskatu» beharra zuten, araudi batzuk zeudelako. “Tarte batean ere, Hamarreko izeneko jabeak ere egon dira horiek kudeatzen. Hori dela eta, lursail horiek nahi izan dituzte denek, beti”.
Herriari zerbitzu handia ematen dion gunea izanik, Elizbarrutiagaz harremanetan jarri zirela azaldu du alkateak. Lehenengo harremanetatik Bilboko Elizbarrutiak “elkarlanerako eta adostasunera heltzeko agertutako jarrera baikorra” eskertu gura izan du Magunazelaiak.
Momentuz, San Kristobal baselizaren ingurua bere horretan utziko dutela esan du Magunazelaiak. “Hala ere, bihar edo etzi herriak zerbait egin gurako balu, ez luke zertan baimenik eskatu beharko”.