"Poesia dut nire barne sentimenduak askatzeko modua"
Euskarazko poesiak idazten ditu Matxalen Bezosek, gehienbat, poesia soziala jorratzen du. Poema liburu bat kaleratzeko asmoa dauka. Agertoki askotan egon da errezitaldiak eskaintzen.
Matxalen Bezos Arketak (1994, Barañain) bermeotartzat du bere burua. Haur Hezitzailea da, baina, bere pasiorik kuttunenak, poesia eta musika dira.
Noiz hasi zinen poesia idazten?
13 urtegaz hasi nintzen. Txikitan Joseba Sarrionandiaren poemak irakurtzea nuen gustuko, ideia mordoa etortzen zitzaizkidan burura. Momentu batean, konturatu nintzen zerbait berezia eta pertsonala eskaini niezaiokeela gizarte honi; horrela hasi zen nire ibilbide poetikoa.
Zergatik poesia?
Orain poesia bakarrik idazten dut. Lehen, ipuin laburrak ere idazten nituen, baina poesia idazten erosoago sentitzen naiz. Poesia nuen, eta dut, nire barne sentimenduak askatzeko modua. Uste dut poesiak aukeratu ninduela gizartea gehiago ulertzeko eta pertsonekin enpatizatzeko.
Euskaraz idazten duzu, ezta?
Bai, beti argi izan dut euskaraz idatzi gura nuela. Nire ideiak euskaraz transmititzea oso garrantzitsua da eta, hizkuntza gutxitua izanda, horretan idazteko arrazoi gehiago eman dit. Nire bizimoduaren parte handi bat euskaraz gauzatzen dut; oso harro nago euskaldun izateaz.
Zer eskaintzen dizu poesiak?
Poesia ez da idaztea eta errezitatzea soilik. Poesiak ematen dit beste pertsona batzuekin harremantzeko, beste kultura batzuk ezagutzeko, publikoarekin konektatzeko, bidaiatzeko, ikuspuntu ezberdinak ulertzeko aukera. Poesiak, musikarekin batera, nire buruan sinesteko eta bizitzari eusteko behar nuen indarra eman zidan.
Pertsona bakoitzaren atzean historia bat dago, historia hori da interesatzen zaidana.
Zeri buruz idazten duzu?
Gehienbat, poesia soziala jorratzen dut. Munduari eragiten dioten faktoreak bilatzen ditut. Artikuluak, liburuak, abestien letrak… irakurri ostean, ideiak apuntatzen ditut eta hortik ateratzen dira poemak.
Non bilatzen duzu inspirazioa?
Pertsonengandik inspirazio handia jasotzen dut; horien testigantzak biltzea gustatzen zait. Pertsona bakoitzaren atzean historia bat dago, historia hori da interesatzen zaidana. Musikak, paisaiak, eskulturak, pinturak eta adierazpen ezberdinak ere inspirazio-iturri dira.
Zelan ikusten duzu zure burua errezitaldietan?
Agertoki gainean oso eroso sentitzen naiz. Txikitasunean handi sentiarazten nau. Oholtzara igotzen naizen bakoitzean, lasaitasuna somatzen dut nire gorputzean, askeagoa naiz.
Noiz hasi zinen errezitaldiekin?
Nire lehenengo errezitaldia 2010eko ekainaren 2an izan zen. Momentu zailak bizitzen ari nintzen, eskola jazarpenaren erruz. Barañaingo Alaitz B.H.I.ko bi irakaslek animatu ninduten Iruñeako La Hormiga Atomica tabernan egin behar zen errezitaldira joatera. Han, Txiki Medina Sola artista polifazetikoa ezagutu nuen. Entzutera joan nintzen bakarrik, baina Txikik, azken unean, nire izena esan zuen publikoren aurrean, eta errezitatzera ateratzeko eskatu zidan. Garai hartan oso lotsatia nintzen, ez zidan grazia handirik egin. Denborarekin, baina, maitasunez gogoratzen dut egun horretan gertatu zena. Txiki, duela urtebete zendu zen, bederatzi urtetan momentu horiek eta beste hainbeste berarekin partekatzea plazer hutsa izan da.
Badaukazu aurrera begira errezitaldirik aurreikusita?
Orain dela gutxi bueltatu nintzen Barañainera, beraz, ez dut izan denbora askorik errezitaldiak antolatzeko. Baina, gutxi barru, berriz ere jarriko naiz martxan, eta jo ta ke ibiliko naiz bai Bizkaian eta bai Nafarroan ere ekitaldiak antolatzen.
Azken urteetan poesiak gorakada izugarria izan du gazteen artean, eta horrek pila bat animatzen nau bide horretan jarraitzeko.
COVID-19ak eraginik izan al du errezitaldietan?
Noski. Horrek, ez du esan gura errezitaldiak egiteari utzi diogunik. Formatua guztiz aldatu da. Udan, errezitaldi gehienak, telematikoki egin ditugu eta egiten jarraituko dugu. Ez dakiguna da noiz bueltatuko garen tabernetara, haiek ere egoera larrian baitaude.
Zein egoeratan dago poesia? Eta euskarazko poesia?
Nire ustetan, poesia loratzen ari da. Azken urteetan poesiak gorakada izugarria izan du gazteen artean, eta horrek pila bat animatzen nau bide horretan jarraitzeko. Nafarroan, iaz, lehendabiziko aldiz, euskarazko poesia taldea sortu genuen: Joxemiel Bidador Poesia Taldea. Bazen garaia horrelako talde bat sortzeko! Nafarroak behar zuen eta euskal hiztunek, irakurleek, idazleek eta zaleek ere bai. Euskal poesia osasuntsu ikusten dut. Baina, nire ustez, errezitaldi garrantzitsuetan, normalean, gaztelaniara jotzen da.
Bermeotartzat dut neure burua, bihotza eta arima. Gurasoak bermeotarrak dira eta beti izan dut lotura gehiago Urdaibaiko eta Busturialdeko herriekin.
Konfinamendu garaian elkarrizketak egiten ibili zinen sare sozialetatik. Zelan joan zen?
Lauhaizetara izeneko proiektu bat dut eskuartean, baina oraindik ez dago guztiz idatzita. Proiektu horretan pentsatzen ari nintzela sortu zen ideia, eta aurrera jarraitzea erabaki nuen. Harrera ona eduki zuten elkarrizketek, ondorio interesgarriak partekatu genituen. Pertsona asko elkarrizketatu nituen. Artea, bere osotasunean miresgarria iruditzen zait. Ni bezalako sortzaileak eta euskal kultura sustatzen duten pertsonak ezagutzea izugarrizko esperientzia izan da. Hemendik, eskerrak eman gura dizkiet elkarrizketatu guztiei, inolako trabarik ez jartzeagatik. Espero dut etorkizunean, berriz ere, aurrez aurre elkartzeko aukera izatea, eta zeozer berezia sortzea.
Iruñean bizi baina bermeotar sentitzen zara.
Ez naiz inoiz nafarra sentitu. Bermeotartzat dut neure burua, bihotza eta arima. Gurasoak bermeotarrak dira eta beti izan dut lotura gehiago Urdaibaiko eta Busturialdeko herriekin; hango paisaiak izan dira nire babesleku garai latzetan zein onetan, horrek markatu egin nau bizi guztirako. Iruñeak, bestalde, poesiaz eta jendeaz disfrutatzeko aukera eman zidan, eta gaur egun nire lagunak direnak ezagutzeko aukera ere bai. Oso harro nago nire lanaz eta poesia nire bizitzara ekarri izanaz.
Zeintzuk dira hurrengo proiektuak?
Lau proiektu ditut buruan. Lehena, nire poema liburua kaleratzea da. Aurten argitaratzea zaila ikusten dudan arren, saiatuko naiz beste modu batera liburua zabaltzen. Bigarrena, Poesia Slam lehiaketari buruzko proiektu bat da; Lauhaizetara. Inklusioa, aniztasuna eta gozamena bermatzea dira helburu nagusiak. Bestalde, emakume idazle, rapera, bertsolariekin lehenengo topaketa bat sortzea gustatuko litzaidake. Proiektu horren helburu nagusiak, emakumeen lanak ezagutzea eta bizi izandako esperientziak partekatzea izango dira. Azkenik, Artistas inconformistas taldeak lehenengo pausoak eman ditzan saiatuko gara; bost poeta gaude. Martxoan eman behar genuen lehenengo errezitaldia, baina koronabirusak dena zapuztu zuen. Orain, ez dakigu taberna berean egin ahalko dugun.