Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra bueltan dira
Maiatzean Asel Luzarragagaz egin behar zuten solasaldia egiteko hitzordua jarri dute biharko.

Beste urte batez, bermeotarrek Irakurleen Txokoan eta Antzerki Tailerrean parte hartzeko. aukera edukiko dute. Bi horiek osasun eta segurtasun neurri guztiak beteta eskainiko direla azaldu dute.
Irailaren 30ean (eguaztena) martxan hasiko da Antzerki Tailerraren ikasturte berria, eta ekainera bitartean egingo da. Aipatu tailerrean antzerkigintzan interesa daukaten eta komunikazio gaitasunak landu gura dituzten 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute. Martitzena (irailak 29) da Antzerki Tailerrean izena emateko azken eguna; Berhaz bulegoan egin beharko da.
Jon Ander Urresti aktoreak gidatuko du tailerra, eta eguaztenetan, 19:00etatik 21:00etara, eskainiko da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean.
Tailerrean, besteak beste, honakoak landuko dituzte: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo dute, eta landutako kontzeptuak praktikan jartzea dute helburu. Urrestiren esanetan, oinarrrizko prestakuntza eskaintzen dute, “herri mailan eta modu amateurrean antzerkia egin gura dutenei zuzenduta”.
Azaldu dutenez, Antzerki Tailerraren helburua kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea da.
Antzerki tailerraren ibilbidea nabarmendu du euskara teknikari Maite Zaratek, eta aipatu taldetik ateratako bi emaitza nabarmendu ditu: Buselektrikue Antzerki Taldea Elkartea eta Motz pailazoa. Era berean, antzerki taldeak konfinamenduan egin duen lana azpimarratu du Zaratek; izan ere, “ahalegin berezia” egin dute tailerra modu birtualean jarraitzeko.
Urriak 22 lehenengo saioa. Hirugarren urtez, Arrate Egaña idazleak gidatuko du Irakurleen Txokoa, eta urriaren 22an (eguena) egingo dute ikasturteko lehen saioa. Egañarentzat “pozgarria” da mota horretako lireratur ekintza bat egitea, “jendeak literaturakiko duen zaletasuna sustatzen laguntzen duelako”. Diotenez, “oso ondo” pasatzen dute.
Irakurleen txokoan literaturan interesa daukaten pertsonak biltzen dira, hilean behin, eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute. Udal liburutegian batzen dira, hileko hirugarren eguenetan, 18:30etik 20:00etara. Urriaren 21era arte dago izena emateko aukera, eta udal liburutegira jota egin daiteke. Zaratek esan duenez, 16 lagun inguruk parte hartuko dute aurtengo Irakurleen Txokoan. Kopuru “polita” dela esan du, eta hortaz, “modu positiboan” baloratzen dute.
Urrian, Karmele Jaioren Aitaren etxea liburua landuko dutela aurreratu dute. Azaroan, berriz, Miren Amunizaren Basa izango dute hizpide.
Aurten, guztira, zortzi liburu landuko dituzte. Ohi legez, euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko dute. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Genero ikuspegiari ere “garrantzia” ematen diote. Liburuak aukeratzerakoan, gainera, irakurleen proposamenak ere kontuan hartzen dituztela jakitera eman dute.
Irakurleen Txokoaren helburuak honakoak dira: irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
Maiatzean Asel Luzarragagaz egin behar zuten solasaldia egiteko hitzordua jarri dute biharko. Hain zuzen ere, Gezurra odoletan liburua landuko dute Luzarragagaz. Elkarrekin bazkalduko dute, eta bazkalostean, liburuaz ariko dira.