Bidegorria birdiseinatuko du Gernikak, Iparragirre kalean
Irailaren 28an hasiko dira lanak, eta segurtasuna hobetzea dute helburu
Gernika-Lumoko Udalak bidegorria birdiseinatuko du Iparragirre kalean. Hain zuzen ere, egungo bidegorria errepidearen beste aldean egingo du udala, kontrako espaloian. Udal arduradunek adierazi dutenez, gaur egun bidegorria “ez dago leku egokian”, bidea, zati batzuetan, eten egiten delako. Gainera, kaleekin eta garajeen irteerekin gurutzatzen da bidegorria, “eta horrek txirrindulariekin hainbat istripu eragin ditu”.
Segurtasuna hobetzea du helburu udalak, eta irailaren 28an hasiko dira lanekin. Guztira, 445 metroko luzera duen kaleko bidegorria berregokituko dute, eta trenbidearen paraleloan doan espaloian egin. Lanon ostean, espaloia, aparkalekuak eta errepidean dauden bi bideak mantenduko direla jakinarazi du udalak.
Semaforo berria. Bidegorriaren lanak egiteagaz batera, Iparragirre kalean beste semaforo bat ipiniko dutela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak. Semaforo beri hori, lehendik ere bazegoenarekin sinkronizatuta egongo dela esan dute, “segurtasuna bermatzeko”. Gainera, egin beharreko lanak zorua hobetzeko ere baliatuko dute.
Guztira, hobekuntzak egiteko 181.725 euroko aurrekontua du udalak.