Tourretik Munduko Txapelketara
Pello Bilbao Lopez de Armentiak errepideko Munduko Txapelketan parte hartuko du, Emilia-Romagna eskualdeko Imola hirian.
Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarrak Errepideko Munduko Txapelketan erlojupekoa lehiatuko du bihar, eta domekan, berriz, elite mailako gizonezkoen lasterketa. Erlojupekoan Espainiako egungo txapelduna da Baharain taldeko txirrindularia.
Gaur hasi dute txapelketa, eliteko emakumezkoen 31,7 kilometroko erlojupeko probagaz. Eta bihar gizonezkoek ibilbide bera egingo dute, 14:30ean hasita. Bilbao 45.ena izango da; 15:36an hasiko du erlojupekoa.
Zapatuan emakumezkoen lasterketa lehiatuko dute, 12.45etik aurrera; 28,8 km-koa zirkuituari bost buelta emango dizkiete. Domekan gizonezkoen txanda izango da. 28,8 km-koa zirkuituari bederatzi buelta emango dizkiete, 10:00etan hasita.
Bilbaogaz batera, zazpi txirrindulari hauek daude Espainiako Selekzioaren taldean: Mikel Landa, Alejandro Valverde, Enric Mas, Marc Soler, Luis Leon Sanchez, Jesus Herrada eta David de la Cruz. Horiek etziko proban ariko dira soilik; gaurko erlojupekoan Bilbao izango da taldeko txirrindulari bakarra.
Frantziatik Italiara. Domekan amaitu zen Tourrean hamaseigarren sailkatu da txirrindulari gernikarra.
Bere lehenengo Tourrean, lan txukuna egin du, Mikel Landa taldeko liderrari laguntzeko. Sasoi onean eta izen handien parean dagoela erakutsi du. Gainera, 18. etapan, eguneko ihesaldian sartu zen, eta azken aurreko etapan, hamabigarren amaitu zuen erlojupekoa. Bi parte izan zituen probak, eta amaierako zatian (mendiko partean) bosgarren denborarik onena egin zuen.