Bermeoko Udalak herritarrei eskerrak eman dizkie jaietan agertutako jarreragatik
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak zabaldutako aktak kontuan hartuta, 60 izan dira kalean edateagatik zabaldutako espedienteak.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Bermeoko udaltzainburu Eugenio Albonigak herritarrentzako esker oneko mezua zabaldu gura izan dute, irailaren 7tik 16ra bitartean agertu duten jarreragatik.
Inguruko herrietan bezala, Bermeon ere aurten ez dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatu. Jaien aurretik Bermeoko Udalak, herriko eragileekin batera, herritarrei deia luzatu zien egun horietan ezer berezirik ez ospatzeko eta indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko.
Orokorrean, salbuespen puntualak kenduta, herritarrek «arduraz» jokatu dutela esan du Bermeoko alkateak: “Bermeotarrei eskerrak eman gura dizkiet jaiak ez ospatzeko egindako ahaleginagatik. Herriarekiko eta elkarrekiko errespetu osoz jokatu duzue beste behin, eta uste dut hori balioan jarri behar dela”. Jaien aurretik udalak eta eragileek bidalitako mezu bateratua “giltzarria” izan dela uste du Abaroak.
Herriko jaiak izan behar ziren egunetan, kaleetan “normaltasuna eta lasaitasuna” nagusi izan direla nabarmendu dute.
Herritarren jarrera eskertu dute, baina baita ostalariena ere: “Eskerrak eman gura dizkiet. Beraien konplizitate eta laguntza barik zaila zen segurtasun eta osasun neurriak betetzea”. Gogorarazi duenez, jaien aurretik 30 ostalari baino gehiagogaz bilerak eduki zituzten, eta hartutako konpromisoak “bete” dituztela nabarmendu du.
Zabaldutako espedienteak. Irailaren 7tik 19ra bitartean Bermeoko Udaltzaingoak zabaldutako espedienteen berri eman zuen Eugenio Alboniga udaltzainburuak. Azaldu duenez, maskara barik ibiltzeagatik 25 akta zabaldu dituzte, eta maskara txarto jarrita eroateagatik, berriz, sei. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak zabaldutako aktak kontuan hartuta, beste alde batetik, 60 izan dira kalean edateagatik zabaldutako espedienteak. Horiek herriko hainbat lekutan izan direla esan du Albonigak.
Ostalariei ere zenbait akta zabaldu dizkiete. Jakitera eman dutenez, lau izan dira ordutegia ez betetzeagatik zabaldutako aktak, eta beste lau, berriz, terrazen gaineko araudia ez betetzeagatik zabaldutakoak.
Egun kopurua eta egoera kontuan hartuta, zabaldutako akten kopurua “ez dela handia izan” esan du Albonigak.
Azaldu duenez, jai egunak hasi aurretik Ertzaintzagaz batera planifikatu zituzten egin beharreko errefortzuak eta lanak: “Ez genekien zer gertatuko zen eta zein izango zen jendearen erantzuna. Planifikazio guztia, hortaz, prebentzio aldetik joan da. Indartsuenak izan zitezkeen egunetan errefortzuak jarri genituen Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren patruilak gehituta. Uste dut gure helburua bete egin dela”.
Abaroaren ustez, egindako esfortzuak “etorkizuna ez baldintzatzeko” balioko du. Hala erantzukizunez jokatzeagatik zoriondu ditu herritarrak.