Astelehena da Irakurketa Klubean izena emateko azken eguna
Irakurketa Kluba datorren hilean hastekoa da eta ekainera arte luzatuko da. Lehenengo saioa urriaren 22an (eguena) izango da
Mundakako J.M. Etxeita udal liburutegiak Irakurketa Kluba antolatu du beste urte batez. Ekimen horretan parte hartu gura dutenek, aurretiaz izena eman beharko dute, eta astelehena dute horretarako azken eguna.
Interesa daukatenek liburutegira jo ahalko dute izena emateko. Telefonoz ere egin daiteke honako zenbakietara deituta 94- 687 65 49 edo 688 80 39 64. Bestela, liburutegi.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko aukera ere badago.
Urritik ekainera. Irakurketa Kluba datorren hilean hastekoa da eta ekainera arte luzatuko da. Lehenengo saioa urriaren 22an (eguena) izango da. Ondoren, parte hartzaileak hilean behin batuko dira. Liburutegiko arduradunen esanetan, ohikoena izaten da hileko hirugarren eguenetan batzea.
Bederatzi lagunentzako lekua dago, eta parte hartzaileek Miren Billelabeitia izango dute gidari.
Mundakako udal liburutegia asteon hasi da neguko ordutegiagaz martxan. Hala, astelehenetik barikura bitartean goiz eta arratsaldez daude: goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, berriz, 16:00etatik 20:00etara.
Udal liburutegiaren edukiera %50ekoa dela jakinarazi dute.