Iñaki Iturri: "Bizitzak salbatzeko balio duen kirol bat modura ulertu behar da"
Orain dela 27 urte Ogellako hondartzan sorosle hasi zenetik, gaian sakontzen jarraitu du Iñaki Iturri Uriarte (Natxitua, 1970) Ondarroako bizilagunak. Sorosle eta salbamendu gaietan aditua da egun eta Ondarroako Leartiadi SOS klubeko bultzatzailea.
Uretako segurtasunari buruzko A salvo nazioarteko jardunaldietan parte hartu duzu estreinako. Zer nolako esperientzia izan da?
Norbere lanbideari buruzko gauzei buruzko ekarpena egitea beti da positiboa. Lan ibilbidean jasotako ezaguerak partekatu genituen, eta hori beti da oso aberasgarria. Hainbat gai landu ziren biltzarrean: barruko instalazioei buruzko protokoloa, mantenua, entrenamendu motak… Hemezortzi lagunek parte hartu genuen jardunaldietan, eta bakoitzak gai zehatz bati buruzko berbaldia eman genuen.
Zure kasuan, zer gai aukeratu zenuen?
Umeei zuzenduriko salbamendu gaiak lantzen dituen eskola bat daukadala badakite, eta gaia hortik bideratzeko eskatu zidaten. Salbamendu eta sorospen kulturak adin txikietan daukan garrantziari buruzko hitzaldia eman nuen, eta hor barruan, umeak ez itotzeko prebentzio neurriak ere kontuan eduki nituen.
Eta zer garrantzi du hain adin goiztiarretik sorospeneko ezagutzak jasotzeak?
Garrantzitsua da ume batek sorospenei buruzko ezagutza edukitzea. Espainia mailan, zoritxarrez, urtero 400 pertsona baino gehiago hiltzen dira itota, eta kopuru horren gehiena, %90 inguru, saihestu daiteke. Diziplina honetan trebakuntza eta kirola uztartzen dira. Salbamendu eta sorospen gaietan trebatzen ditugu gaztetxoak, baina, aldi berean, kirola egitera ere bideratzen ditugu. Umetatik hasten gara irakasten, eta sorosleak izan daitezkeen adinerako baloreak eta kultura barneratuta dituzte; oinarri hori edukitzea garrantzitsua iruditzen zait. Honek gauza guztiak laguntzeko egiten dira. Egunerokoan edozer gauza gerta liteke, eta salbamendu eta sorospenei buruzko ezagutza edukitzea ondo dator beti. Hurrekoren bati zerbait gertatzean zelan egin behar dituzten gauzak, larrialdi zerbitzuetara zelan ondo deitu, alboko posizio batean zelan ipini pertsona bat, zorabio edo lipotimia bat zelan saihestu, eztarriko trabamendu bat edo konbultsioak daudenean zelan jokatu… horrei guztiei buruzko oinarrizko jakintzak edukitzea, askotan, nahikoa da bizitza bat salbatzeko. Azkenean salbamendu eta sorospena bizitzak salbatzeko balio duen kirol bat modura ulertu behar da.
Profesional modura, zer nolakoa izan da jardunaldi horietarako aukeratuetako bat izatea?
Mundu mailan salbamendu eta sorospen gaietan irakaslerik onenetakoa den David Peresenda argentinarra ipini zen nigaz harremanetan. Lehendik ere eurek egiten dituzten hainbat mahai-ingurutan gonbidatuta egon naiz; Guardavidas del mundo programa barruan egiten dituzte mahai-inguru horiek, eta Internet bidez egin dituzten hiru bat mahai-ingurutan parte hartzeko aukera eduki dut.
“Urtebete daramagu martxan; iazko urritik buru-belarri gauzak antolatzen gabiltza”
Jardunaldiak, baina, Kolonbian egitekoak ziren.
Kolonbiara joatera gonbidatu ninduten, baina koronabirusak sortutako osasun krisia dela eta, Internetez egin behar izan dugu. Bestelako jardunaldi batzuen modura antolatuta egon da. Desberdintasun bakarra etxetik egin dugula izan da.
Europako ordezkari bakarra ere izan zara.
Espainiako salbamendu eta sorosle federazioaren eskutik parte hartu nuen jardunaldietan, federazioko eta Leartiadi SOS kirol klubeko ordezkari legez. Kolonbia, Mexiko, Argentina, Costa Rica, Panama, Brasil edo Australiako sorosleek parte hartu dute jardunaldietan.
Salbamendu eta sorospenagaz lotutatako kirola ez da oso ezaguna gure artean. Klub bat ere sortu duzue Ondarroan.
Ez da oso ezaguna, baina pixkanaka indarra hartzen ari da. Hemen inguruan Gonzalo Diaz Alvarado izan zen kirolaren bultzatzaileetako bat. Durangoko Tabira igeriketa taldearen barruan salbarmendu eta sorosle talde bat sortu zuen, eta gero klub gehiago sortzen joan dira, tartean, Ondarroako Leartiadi SOS kluba. Urtebete daramagu martxan; iazko urritik buru-belarri gauzak antolatzen gabiltza.
“Bi bizitza ere salbatu ditut. Bizitza bat salbatzea, egia esan, izugarria da”
Leartiadi SOS klubean, zenbat lagun zarete?
Guztira 50 bat lagun izango gara, gehienak ondarrutarrak. 8 eta 12 urte bitarteko 24 bat ume salbamendu eskolan daude, guraso talde bat ere animatu da. Klub barruan, gainera, Ondarru Igerian Taldea ere badaukagu. Hamabost bat laguneko talde bat igeri egitera animatu da.
Eta gaztetxoekin zelako ariketak egiten dituzue?
Barikuro batzen gara. Urritik maiatzera bitartean igerilekuan egiten ditugu ariketak, eta gainontzeko hilabeteetan, errekan eta hondartzan ere egiten ditugu ariketak; modu horretara, hiru leku ezberdinetan jarduteko aukera dugu. Askotariko ariketak egiten ditugu, eta, aldi berean, material guztia zelan erabili erakusten diegu. Simulakroak ere egiten ditugu, eta kasu horietan zelan jokatu behar den ere ikasten dute. Edozer gertatuta ere laguntzen ikasten dute. Duela gutxi, Zubi Zaharraren eta kukañaren inguruan, neska batek min hartu zuen uretara salto egin zuenean. Klubeko 12 urteko gaztetxo bat handik zebilen, eta uretatik ateratzen lagundu zion.
Sorosle modura jendea ere salbatuko zenuen.
Hainbat erreskate egin ditut, eta bi bizitza ere salbatu ditut. Bat, Ispasterko Ogella hondartzan izan zen, eta, bestea, Arrasateko igerilekuan. Arrasateko kasuan, esate baterako, gizonezkoak bihotz-biriken gelditze bategaz atera genuen uretatik. Momentu horretan hilda zegoen, hamar minutuz ekinean egon nintzen, eta, azkenean, egoerari buelta eman, eta bizirik atera zen. Bizitza bat salbatzea, egia esan, izugarria da.