Mediterraneoko bisitariak Urdaibain
Bi flamenkoen jatorria ezezaguna dela diote Urdaibai Bird Centerreko adituek, baina naturan gerta daitezkeen aldaketen bioadierazle bikainak direla
“Mediterraneoko gatzaga balitz bezela”. Urdaibai Bird Centerreko biologoak baieztatu dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbara bi flamenko gazte hurbildu direla. Mediterraneo aldetik ibili ohi da espezie hori, baina handik urrunago heldu dira oraingoan, Bizkaiko kostalderaino. Hala, iraileko lehen hamabostaldian izandako eguraldi onari 2 enbaxadore ikusgarri gehitu zaizkiola azaldu dute: “Mediterraneoko gatzaga bat balitz bezala, flamenkoak Urdaibaira hurbildu dira”.
Urdaibai Bird Centerreko adituek azaldu dutenez, espezie horrek hezeguneak bilatzen ditu bere bizimodua aurrera eramateko, baina, batez ere, Iberiar penintsulako hegoaldeko gatzagak izan ohi dira: Doñana, Malagako Fuente Piedra aintzira, Santa Polako gatzagak edota Ebroko Deltako Parke Naturalak. Hain zuzen ere, migrazio eta sakabanatze-mugimenduak egiten dituzte Mediterraneoan eta Afrikako mendebaldeko kostaldeetan zehar.
Aldaketen bioadierazle. Biologoen esanetan, gaur-gaurkoz “misterio bat” da bi hegazti horien jatorria. Diotenez, posible da Europa erdialdeko parke edo bilduma pribatuetatik ihes egin izana. Beste aukera bat litzateke gero eta iparralderago iristen diren sakabanatze-mugimendu baten lekuko izatea.
Urdaibai Bird Centerrek esan du mota horretako sorpresei adi jarraituko dutela; “izan ere, hegaztiak naturan gerta daitezkeen aldaketen bioadierazle bikainak dira, bai kliman izan daitezkeen aldaketen ondorioak erakusten dizkiguten indikatzaileak, eta bai gizakiak zuzenean eragiten dituen aldaketen erakusle”.