Urdaibaik hirugarren amaitu du liga
Ligaren azken asteburuko bi jardunaldietan hirugarren sailkatu da talde bermeotarra. Santurtzi da aurtengo Eusko Label Ligaren txapelduna. Zazpi puntura geratu da Hondarribia bigarrena.
Amaitu du denboraldia Urdaibaik. Asteburuko bi estropadetan hirugarren sailkatu da, eta hirugarren amaitu du liga. Hain zuzen, Orioren aurretik hirugarren amaitzea zen astebururako helburua, eta Bermeon eta Portugaleten Orioren aurretik sailkatuta, helburua bete du Bermeoko taldeak.
178 puntugaz Santurtzi geratu da txapeldun, eta zazpi puntu gutxiago bildu ditu Hondarribia bigarrenak. 157 puntu lortu ditu aurten Urdaibaik, Orio laugarrenak baino bat gehiago.
Soterak irabazi ditu denboraldiko azken bi banderak, Bermeon eta Portugaleten. Ligako bere lehen koroa irabazita, historia egin du Santurtziko taldeak. Zapatuan Bermeon lehia estua eduki zuten liga irabazteko bi hautagaiek. Atzo, baina, Hondarribiak ezin izan zuen bere aurkariagaz. Santurtzik erakustaldia eman zuen Portugaleten.
Atzo ohorezko txanda itsasbeherarekin lehiatu zuten, arraunean egiteko baldintza gogorrekin. Irteera bikaina egin, eta Ama Guadalupekoari ligako sailkapena iraultzeko zituen itxaropenak hasieratik uxatu zizkion. Lehen ziabogan, bizkaitarrek hiru segundo atera zizkieten gipuzkoarrei, lan erditan alde hori bost segundora igo zuten, eta azken ziabogan zortzi segundora. Santurtziren nagusitasunak emozioa kendu zion lidertzaren lehiari, baina bandera irabaztea zegoen jokoan. Izan ere, Zierbenak lehen txandan ezarritako denbora zuten erreferentzia. 19:15.78 markatu zituen Santurtzik; 10 segundo eta 12 ehunera sailkatu zen Zierbena bigarrena eta 13 segundo eta 88 ehunenera Urdaibai hirugarrena (Urdaibaik, Oriok eta Donostiarrak hiru segundoko zigorra jaso zuten).
Bermeon ikuskizun ederra eskaini zuten ligako bi indartsuenek. Hondarribia estropada buruan egon zen ia momentu oro, baina azken metroetan liderrak bere atzaparrak erakutsi zituen. 19:54.98ko denboragaz bereganatu zuen Soterak Bermeo Hiriko XXXVIII. Ikurriña – Avia Sari Nagusia, eta 26 ehunenera geratu zen Ama Guadalupekoa. Orio eta Urdaibairen lehiari dagokionez, parean izan ziren lehen luzean, baina hortik aurrera, etxeko taldeak aurrea hartu zuen. Oriok ez zuen amore eman, eta hurbiltzen saiatu zen. Amaieran, zortzi ehuneneko aldea egon zen bien artean.
Play off-ak. Beste urte batez, Bermeon eta Portugaleten erabaki dira play off-ak. Gizonezkoei dagokienez, Zarautz eta Tiran Eusko Label Ligan ariko dira datorren urtean, eta emakumezkoetan, Hondarribiak gorengo mailako postuari eutsi dio Euskotren Ligan.
Asteburuan 9 puntu pilatuta Eusko Label Ligan jarraituko du Zarautzek. 7 puntu lortu ditu Tiranek, bosna Pedreñak eta San Pedrok eta lau Samertolameuk. Bermeon jardunaldi ikusgarria egin zuten zapatuan; traineru guztiak bost segundoren barruan sartu ziren. Tiranentzat izan zen garaipena bere azken luzeari esker. Azken ziabogara bigarren iritsi arren, Zarautz aurreratzea lortu zuen. Atzo, berriz, Zarautzek egin zuen denborarik onena itsasadarrean (19:52.66) Sanpedrotarra izan zen bigarrena, 2 segundo 62 ehunenera. Pedrena sailkatu zen hirugarren, Tiran laugarren eta Samertolameu azken.
Emakumezkoetan, zapatuan Hondarribiak irabazi zuen Bermeoko lehia, eta Hibaika izan zen atzo azkarrena. 7 puntugaz mailari eutsio dio Hondarribiak. Bosna puntugaz Hibaika eta Tolosaldea bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren. Cabo laugarrenak 2 puntu lortu ditu play off-etan.