Lointekek ezin izan du liga garaipenagaz hasi
Emakumezkoen Ligaren lehen jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 64-52 galdu du Valencia Basketen kontra. Asteburu honetan lehiatuko du ligako etxeko lehen partidua, Bembibreren kontra.
Superkoparen finalaurretako aurkaria egokitu zaio liga hasteko Lointek Gernika Bizkaiari. Baina, oraingoan Valencia Basketentzat izan da garaipena. 64-52 amaitu zuten partidua zapatuan.
Parekotasun nabarmenagaz hasi zuten norgehiagoka. Nadia Colhado saskiratzeak kontrolatzen hasi zen; errebote asko bereganatzen, baina saskiratzeetan huts egiten. Defentsan zein erasoan ondo hasi zen talde gernikarra. Ideiak argi edukita jokatu zuen. Laura Juskaite jokalari lituaniarra nabarmendu zen etxeko taldetik. Superkoparen finalerdian modura, kontraerasoan aurkaria zigortuz. Bi taldeek bazekiten arriskatzea ez zela komeni, eta hori igarri zen kantxan.
Bi puntu goitik (13-15) amaitu zuen lehen laurdena Gernika-Lumoko taldeak. Bigarren laurdenean defentsan pauso bat aurrera eman zuen etxeko taldeak, Lointeken erasoa eragotziz. Cristina Ouviñak eta Laura Gilek talde gernikarraren jokoa geldiarazten asmatu zuten. 9-0ko partziala lortu zuen etxeko taldeak. Hutsartea eskatu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. Angie Bjorklund estatubatuarrari esker arnasa apur bat hartu zuen taldeak.
31-26ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia. Bigarren zatia hastean, Lointekeko Roso Buch agertu zen. Katalanari itxaroten zeuden, eta berea izan zen hirugarren laurdeneko lehen saskiratzea. Hari eta Laura Corneliusi esker, Valenciarengantik puntu bakarrera jarri zen Lointek. Taldearen nortasuna ikusi zen erasoan zein defentsan. Baina, pozak ez zuen askorik iraun. Gernika-Lumoko taldearen argitasuna lainotzen hasi zen. Denbora gutxian hamar puntuko abantaila lortu zuen talde laranjak.
Liga irabazten hasteko markagailua iraultzea zen azken laurdeneko erronka. Nogaye Lok gidatuta, 6-0ko partziala egin zuen Lointekek, eta etxeko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, egoera okertu baino lehen. Talde gernikarrak bere indarra erakutsi zuen, baina etxekoen hiruko jarraituek eta saskiratze amaigabeek euren nagusitasuna berretsi zuten.
Hamargarren. Ligaren lehen jardunaldiaren ostean, Valencia BC dago lider. Jarraian, beste lau talde daude bina puntugaz: IDK Euskotren, Spar Girona, Perfumerias Avenida eta Ciudad de la Laguna Tenerife. Puntu bakarragaz sailkapeneko hamargarrena da Lointek Gernika Bizkaia (bost talde daude puntu banagaz).
Domekan [irailak 27] jokatuko dute ligako Malosteko lehen partidua, 12:10ean hasita, Bembibreren kontra. %60ko aforo mugatuagaz jokatuko dute partidua, publikoa eserita egongo da, eta 1,5m-ko distantzia gorde beharko dute. “Nobedade gisa, tabernarik ez da egongo, berregituraketarako espazioak aprobetxatzeko, atsedenean ezin izango da pabiloia utzi eta giltza eskatuta bainugelen erabilera mugatuta egongo da. Etxean
denboraldiko lehen partida honetarako proba pilotu bat egingo dugu eta horretarako familia taldeak eskatu izan dira”, azaldu dute klubaren ordezkariek.