Gorefestaren 20.urteurreneko ospakizunak datorren urterako utziko dituzte
Elkartearen kamarak eta ordenagailuak "ez direla itzalita egongo" jakinarazi dute.
Beste behin ere, “gustukoa ez duten” albiste bat eman beharra eduki dute Spookypheria Productions kultur elkarteko kideek. Gorefestaren 20. urteurrena ezin izango dutela aurten ospatu azaldu dute. Uztailean egin behar zuten Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia; orduan, egoerak behartuta, urrira atzeratzea erabaki zuten. Orain, hala ere, ospakizunak datorren urterako uzteko erabakia hartu dute.
Ospakizunak datorren urterako utziko badituzte ere, elkartearen kamarak eta ordenagailuak “ez direla itzalita egongo” jakinarazi dute: “Orain dela bi urtetik gora buruan daukagun ideia bat garatzen jarraitzen dugu”.
Egoera apurka hobetzen badoa, 2021en Nestor Basterretxea aretoan “aldarriak eta barreak berriro partekatzeko prest” agertu dira.