Elantxobekoek brontzezko domina lortu dute Bizkaiko Batel Txapelketan
Elantxobe AEko arraunlariak hirugarren geratu dira Bizkaiko Batel Txapelketaren gazte mailan, eta Euskadiko txapelketan bosgarren sailkatu dira. Bermeoko arraun taldeak ere Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak lehiatu ditu asteburuan.
Busturialdeko bi arraun talderen ordezkariak egon dira Bizkaiko eta Euskadiko Batel Txapelketetan asteburuan.
Bizkaitarren lehian, Elantxobe AEkoak kategoria bakarrean lehiatu ziren zapatuan, eta podiumean sartzea lortu zuten. Deustu eta Arkoteren atzetik sailkatuta, brontzezko domina irabazi zuten mutilen gazte taldekoek. 09:09.86 marka egin zuen Deustu irabazleak, eta Elantxobe 22 segundo eta 27 ehunenera geratu zen. Bermeo bosgarren (09:38.53) eta Isuntza seigarren geratu ziren, hurrenez hurren.
Atzo goizean, Elantxobeko gazteak bosgarren geratu ziren Euskadiko Batel Txapelketan. San Juanek, Dustok eta Arkotek osatu zuten pordiuma. 08:55.07 denbora eginda nagusitu zen San Juan, eta 31.66ra geratu zen Elantxobeko taldea.
Bestalde, Bizkaiko Batel Txapelketaren mutilen kadete mailan laugarren sailkatu zen talde bermeotarra. Deustu izan zen onena, eta Ondarroa eta Kaiku geratu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Bermeoko taldea hiru segundo pasatxogatik ez zen podiumean sartu. Euskadiko Batel Txapelketan zortzigarren geratu ziren Bermeoko kadeteak, atzo goizean. Orio geratu zen txapeldun, eta Zumaia eta San Juan sailkatu ziren atzetik. Bermeotarrak irabazlearengandik 21 segundo eta 11 ehunenera geratu ziren.