Osasun zentroetako langileek "gainezka eginda" daudela salatu dute
Bermeoko eta Gernika-Lumoko osasun zentroetako langileak elkarretaratzean batu dira gaur eguerdian. Osasun langileek bizi duten egoera salatu dute.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko lehen arreta zentroetako langileek bat egin dute sindikatuek gaur 12:00etarako iragarritako elkarretaratzeen deiagaz.
Bi udalerrietako mediku, erizain, zeladore eta administrazioko langileek 15 minututako geldialdia egin dute zentroen aurrean. Bertan, “langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko” eskatu eta “leher eginda daudela” salatu dute.
Gernika-Lumoko arreta zerbitzuetako langile “gehienek” egin dute bat. “11 mediku daude anbulategian, eta batzuk oporretan dauden arren, lanean ari direnak gelditu egin dira. Erizainek, administrazioko langileek edota zeladoreek ere bat egin dugu deiagaz”, adierazi dute. Hala ere, gutxieneko zerbitzuak betetzen pare bat mediku gelditu direla nabarmendu dute.
Bermeon ere, osasun zentroaren aurrean elkartu dira, eta osasun langileen bizi duten egoera salatu dute. “Gainezka eginda” daudela diote osasun zentroko ordezkariek: “Lehen ere txarto geunden lehen arretan; beti egon gara gutxienekoen azpitik eta ordezkapenak egin barik. Aurten, pandemiaren egoeragaz askoz ere txarrago gaude eta lana hirukoiztu zaigu. Ezin diogu aurpegia eman hirukoiztuta dagoen lanari”.
Udako egoera gogorarazi dute, eta normalean egoten diren 11 medikuetatik 4 baino ez direla egon azpimarratu dute. Lan egin gura dute, baina “ondo eta gustura”. Gainera, langile asko gaixotzen ari diela salatu dute: “Txarto goaz etxera, atseden barik gaude eta langile asko gaixotzen ari dira. Askotan, gure ordutegitik kanpo geratzen gabiltza, lana txukunago egin guran. Hala ere, etxera lanak erdi eginda goazen sentimenduarekin goaz, sentsazio txarragaz. Baina, guk, lanetik kanpo gure bizitza ere badaukagu eta nahikoa ordu sartzen ditugu!”.
Arreta presentziala. Udan gertatutakoa eta gero, gaixo batzuek euren egoera ulertzen dutela uste dute, baina ez denek: “Batzuek uste dute telefono bidezko arreta ematen ari garela, guk gura dugulako, eta ez da horrela, inposaketa izan da. Orain, telefonoz baloratzen dugu gaixoa anbulategira etorri behar den edo ez, hortaz, bai ikusten ditugu gaixoak. Lehen 30 gaixo presentzialki aztertzen bagenituen, orain telefono bidezko 60 kontsulta izaten ditugu, eta horietako batzuk presentzialak izaten dira gero”. Horiei guztiei, gainera, etxeetara egiten dituzten bisitak gehitu behar zaizkiela diote, bai eta COVID-19a; euren ardura delako COVID-19a: “Ez dator inor kanpotik COVID-19aren lana egiteko, gure artean banatu ditugu lanak martxotik”.
Etorkizun “latza” ikusten dute, “baliabiderik barik”, eta “txarrera” egitearen beldur dira: “Edo sistema aldatzen da edo txarrera jarraituko dugu; gaixoak hor egongo dira eta euren beharrizanak dituzte ezin dugu hori ukatu. Gure lana gaixoak artatzea da ezin dugu hori albo batera utzi, eta COVID-19a oraindik gure artean egongo da”.
Zerbait lortu arte protestekin jarraitzeko prest agertu dira.
Eskaerak. Egoera azaldu duten modukoa izanda, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote osasun publikorako aurrekontuen sail bat eratzea, “Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzen dena”. Sail horretatik %25 lehen mailako arretara bideratzea gura dute.
Enpleguari dagokionez, lantaldeak handitzea eta lantaldeak egonkortzea beharrezkoa dela deritze, izan ere, behin-behineko langileen finkapena aldarrikatzen dute: “Neurri horiek Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko lukete”.
Halaber, murrizketa guztien berrikuspena eskatzen dute: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri baten negoziazioa. Egindako pribatizazioak atzera egitea ere beharrezkotzat dute, “enplegua mantenduz”.
Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak ere aldarrikatzen dituzte, bai koronabirusaren agerraldi baten aurrean, zein eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; laneko arriskuen balorazioa asistentzia maila guztietan, eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan kargen ondoriozkoak barne; eta neurri zuzentzaileak hartzea.