Jaurlaritzak dio osasun arloko langileak ulertzen dituztela, baina ez dela "mobilizazioak egiteko unerik egokiena"
Jaurlaritzak lehen mailako arreta eta osasun publikoa sendotzeko hartuta daukan konpromisoa "benetakoa eta erabatekoa" dela esan dute. Elkarrizketarako "beti prest" egon direla diote, eta orain ere prest daudela gaineratu dute.
Osasun lagileek bizi duten egoera “muturrekoa” dela salatzeko sindikatuek deituta gaur [irailak 18] hasi diren mobilizazioen aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ulertzen dutela COVID-19ak osasun sisteman duen inpaktua, eta profesionalak “aintzatetsi eta balioetsi” egiten dituztela. “Pandemiak argi utzi du Euskal Osasun Sistema indartu beharra dagoela”. Horren aurrean, Jaurlaritzak lehen mailako arreta eta osasun publikoa sendotzeko hartuta daukan konpromisoa “benetakoa eta erabatekoa” dela esan dute. “Lehen ere bazen eta orain ere bada, eta hala jaso da Eusko Jaurlaritzak Gobernu Programan bere gain hartutako konpromisoetan”. Datozen lau urteetan 4.000 lanpostu sortzeko hartutako konpromisoa horren adibide dela diote.
Jaurlaritzako ordezkariek diote osasun langileek mobilizatzeko eskubidea dutela, baina ez dutela uste unerik egokiena denik. “Ondorioak euskal herritarrek jasango dituzte, eta are gehiago pandemiaren garai honetan”. Elkarrizketarako “beti prest” egon direla diote, eta orain ere prest daudela. “Ahalik eta lasterren eragile sindikal guztiekin batu eta mahairatutako beharrei erantzun egokia emateko borondatea daukagu”.
Osasun publikoarekiko eta lehen mailako arretarekiko daukaten konpromisoa ondoko puntuetan islatzen dela diote:
- Osakidetzak egiten dituen inbertsioe guztietan, hiru eurotik bat lehen mailako arretara bideratzen da
- 2019a eta 2020a bitartean, 145 lanpostu berri sortu dira lehen mailako arretan. Gainera, hurrengo Lan Eskaintza Publikoak 953 lanpostu berri aurreikusten ditu.
- Lehen mailako arretaren sistemen parkea berritu egin da, eta, horrela, 5 mila ordenagailu baino gehiago, 4 mila inprimagailu baino gehiago eta konfigurazio bereziko 215 ekipo jarri dira.
- Osasun-zentroak berritzen eta ekipamendu berriak sortzen jarraitu da.
Legegiltzaldi berrian, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun arloan lan egiten duten langileen egonkortasunean eta osasun ekipamenduen modernizazioan aurrera egiteko konpromisoa dutela gaineratu dute. “Mundu mailan ziurgabetasun handiko une honetan, hurbilagokoa den eta pertsonen zerbitzura dagoen osasun estrategia garatzeko konpromiso irmoari eusten diogu. Hori horrela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren pertsonen osasun asistentzia bermatzeak du lehentasuna. Dagoeneko hartu diren neurriek eta etorkizunekoek lehen mailako arreta sendotuko dutela nabarmendu nahi dugu, eta, hala, integrazio asistentzialean aurrera egingo da”.