"Hirugarren postu horren bila joatea da helburua"
Aurten egindako lanagaz gustura dago Jon Elortegi Lekanda Urdaibairen entrenatzaile eta arraunlaria. Trainerua ondo ibili dela eta denboraldi polita egin dutela azpimarratu du, baina gehiagoren gogoekin geratu direla.
Eusko Label Ligaren azken asteburuaren atarian, Jon Elortegi Lekanda (Barrika, 1977) Urdaibairen entrenatzaile eta arraunlariak aurtengo denboraldiaren balorazioa egin du. Bihar etxean irabazteko gogoz daudela dio: “Ikurrinaren borroka horretan egoteko gai garela erakutsi nahi dugu etxean”.
Bi estropada faltan, sailkapeneko 3. postutik puntu bakarrera zaudete. Astebururako zein da helburua?
Lehenengo eta bigarren postuak urruti daude jada, eta beraz, helburua hori da hirugarren postu horren bila joatea eta Orioren aurretik geratzea.
Etxeko bandera irabazteko presioa sentitzen al duzue?
Irabazteko presioa baino gogoa, etxean irabazteko gogoz gaude. Uste dut denboraldi polita egin dugula, ez dugu eduki behar beste zorte, beharbada, baina erakutsi nahi dugu hemen etxean gai garela ikurrinaren borroka horretan egoteko. Ikurrina hori etxean geratzea nahi dugu.
Liga irabazteko hautagaiak diren Santurtzi eta Hondarribiaren artean bi puntuko aldea dago. Faboritorik baduzu?
Uste dut orain puntu hobean Hondarribia dagoela. Uste dut denboraldian zorte handia eduki duela txandekin eta kaleekin, eta horrek asko lagundu diola azkenengo momentu honetan borrokara heltzen. Baina egia da azkenengo asteetan maila ikaragarria erakutsi duela. Horregatik, nahiz eta puntu bat atzetik egon, nire ustez faboritoa Hondarribia da.
Denboraldiaren zelako balorazioa egiten duzu?
Hasieran erritmoa hartzea kostatu zitzaigun apur bat. Uda erdian oso ondo ibili gara, oso gustura, eta gero, nahiz eta trainerua oso ondo ibili, egindako lana ez da luzitu eduki ditugun kale txar jarraitu horiengatik. Pena da emaitzetan ez islatzea, baina uste dut traineruak denboraldi polita egin duela.
Hain zuzen, kaleen arteko desberdintasunek eztabaida sortu dute aurten ere.
Zorte kontua da, eta ez dago zer eginik. Egia da beste urteetan gertatu ez dena gertatu dela aurten. Normalean zapatuetan hobera joaten da eguraldia, eta aurten denetarik gertatu da. Guk geuk istripuak eta denetarik eduki dugu. Badirudi aitzakia dela, baina ez. Guk uste dugu trainerua ondo ibili dela, eta egin dugun lan hori guztiori ez dela emaitzetan argitu.
Zer falta izan zaizue denboraldi hasierako helburua lortzeko?
Ohorezko txanda horretan egotea, eta hortik ikurrinen lehian sartzea zen hasierako helburua. Uste dut hori lortu dugula. Egia da uda erdialde horretan nahikoa ondo jarri zitzaigula, ligan lider egonda, aukera ona zen helburu horietatik gora salto bat emateko. Baina, azkenean, ez dugu lortu. Eta Bermeoren helburuetako bat Kontxa da beti, eta horretan ere ez gara azkenengo borroka horretan sartu. Uda ona izan da, baina gehiagoren gogoekin geratu gara.
Bi bandera jarraian irabazteak eta lider izateak itxaropena piztu zizuen?
Bi ikurrina irabazi, gero Lekeition ere txanda irabazi, Euskadiko Txapelketan estropa oso ona egin genuen, baina ezin izan zen irabazi. Beste hiruzpalau estropada ere oso onak egin ditugu kale txarretatik: Hondarribiakoa, Ondarroakoa, Santurtzikoa, errekakoa… Uda erdi horretan estropa on batzuk egin ditugu, baina puntuetan ez da irudikatu hori. Besteak ere puntu oso onean egon dira, eta aurrera jo dute.
Banderen lehia nahikoa irekia izan da aurten. Aurrekoetan erregulartasunak saria eduki izan du, eta aurten erregulartasun falta nabaria izan da.
Egia da talde guztiak oso irregularrak izan direla. Orain liga irabazteko borrokan dauden Hondarribia eta Santurtzi azken eta azken-aurreko geratu dira estropadaren batean. Hori beste urte batzuetan pentsaezina izan da. Aurtengoa urte zoroa da, eta ligan ere horrela gertatu da. Liga honetan sei talde gaude maila oso onagaz, eta denok irabazi ditugu ikurrinak, eta hamabost segundoren barruan egoteko gai dira denak. Orduan, noski, zaletuentzat liga oso ikusgarria da. Denboraldi zoroa izan da, gorabehera askokoa. Eta gurean poztasun eta kolpe asko hartu ditugun denboraldia izan da.
“Pena da emaitzetan ez islatzea, baina uste dut traineruak denboraldi polita egin duela”
COVIDak markatutako denboraldia izan da. Zaila izan al da egoerara egokitzea?
Udaberri parte hori oso gogorra izan da denontzat. Egunero etxean bakarrik bi orduz entrenatzea, eta gero kalera irteteko aukera eman zigutenean entrenamendu hori guztiori trainerura moldatzea oso gogorra izan da, zauriekin etab. Gero, denboraldi hasiera horretan ikusi zen; traineruek maila oso desberdina ematen zuten estropada batetik bestera. Hondarribiak berak lehenengo estropada irabazi zuen, eta bigarrenean azkena izan zen. Asko nabaritu da talde guztietan.
Bestetik, uretatik kanpo sortu da polemika, salatu zenuten espioitza kasuagaz. Gero trainerua ere apurtu zitzaizuen. Oztopo edo arazo horiek zuen lanean eragina eduki al dute zer edo zelan?
Eragin psikologikoa noski eduki dutela. Egia da tripulazioa esperientzia handiko dela, eta batez ere oso gogotsua eta oso gogorra. Hemen Bermeon azken hamar urteetan arazo askotatik irten izan dugu, eta aurten ere bai. Ez da dena erraza izan, baina aurre egin diogu, eta moldatu gara.
Albiste ona ere jaso du klubak 2018ko Kontxaren auzian.
Poztasun handiagaz hartu da, jakinda epaitegietan hau luzerako doala. Beste urte bat edo pasatuko da emaitza irten arte, baina esperantza dago, eta zuzendaritza lan oso ona egiten ari denaren seinale da.
Eta aurten Kontxan irabazteko borroka horretan ez sartzeko zertan huts egin du Urdaibaik?
Lehenengo jardunaldian akats bat egin genuen ziabogan. Ziabogatik irteterakoan arazoak eduki genituen, eta hor 10 segundo galdu genituen minutu eta erdian. Eta Kontxan akatsak egiten dituena lehiatik kanpo geratzen da jarraian. Kontxan dena ondo egiteaz gain, zortea, forma eta dena %100ean egon behar da, eta horrela ez bada, borrokatik kanpo geratzen zara.
Entrenatzailea eta arraunlaria zara. Uretan taldearen parte izateak lana errazten al du?
Niretzako abantaila da. Emandako aginduak eta egindako mugimenduak barrutik norbere buruan sentitzeko aukera ematen du. Egia da gogorra dela entrenatzea eta entrenatzailea izatea aldi berean; esfortsu eta denbora gehiago eskatzen du. Baina niri arraun egitea da gustatzen zaidana, eta uretan traineru barruan nagoenean zodiakean baino askoz pozago nago.
Ondo ezagutzen duzu kluba. 2004ean heldu zinen Bermeora. 2011tik 2016ra beste etapa bat egin zenuen hemen, eta orain hirugarren aroan zaude. Berton jarraitzeko asmoa daukazu?
Azken aroko jende asko dago zuzendaritzan eta arraunlarien artean. Oso gustura nago arraunlariekin eta euren errendimenduagaz eta baita klubean egin diren aldaketekin. Hobekuntza asko egon dira. Eta gustatuko litzaidake proiektu hau luzerako izatea, noski. Azpimarratzekoa da etxeko mutilek egindako lana. Bermeoko gazteak gugaz egon dira denboraldi osoan; oso gazteak dira oraindik, baina maila oso ona daukate. Eta uste dut Bermeoko etorkizuneko traineru horretan pieza oso garrantzitsuak izango direla.