Herri ikuspegitik landutako memoria gordetzeko elkarlana
Lankidetza hitzarmena sinatu dute Lea-Artibaialdeko Hedabideak enpresak eta hainbat talde biltzen dituen Gernika Memoriaren Lekuko plataformak
Lea-Artibaialdeko Hedabideak eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformak akordioa sinatu dute, herri ikuspegitik landutako oroimen historikoa gordetzea eta zabaltzea helburu.
Modu horretara, www.guernicagernikara.eus atarian sortu gura duten biltegia elikatzeko konpromisoa hartu du Hitzak ere. Hain zuzen, Busturialdeko Hitza sortu zenetik honako 15 urteetan kaleratutako albisteak eta bildutako irudiak Gernika Memoriaren Lekuko plataformagaz partekatuko ditu. Informazio hori publikatzeko eta zabaltzeko baimena ere eman dio; beti ere, iturria modu egokian identifikatuta.
Horrez gain, informazioak agintzen duenean, plataformaren berri ere emango du Hitzak papereko edizioan zein edizio digitalean. Horretarako, egunkariak behar izanez gero, plataformak Hitzaren eskura ipiniko ditu datuak eta irudiak. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, berriz, Busturialdeko Hitzaren webgunerako lotura egokituko du berean.
Etorkizunerako lankidetza da bi aldeek sinatu dutena, Gernikak berak sortu duen eta gernikarrek lantzen duten oroimen historikoari merezitako lekua emateko. Halaber, etorkizunean oroimena gordetzeko lana ere bada hitzarmenak bultzatu gura duena.
Gernika eta memoria. Gernika Batzordea, Arrano Kultur Elkartea, Gernika Garretan, Lobak, Gernika-Lumoko Sare eta Ipes dira plataformako kide. Modu batean edo bestean, Gernikagaz lotutako oroimen historikoa landu dute, lantzen dute eta landuko dute plataformako kideek; modu kolektiboan zein talde bakoitzak bere kabuz. hala ere, memoriaren ibilbide horretan egin den eta egingo den lana nonbait jasota geratzea da denen xedea. Sareko eta Ipeseko kide Ibon Meñikak eta Arrano Kultur Elkarteko Camino Saizek azaldu dutenez, azken boladan lan ildo argia dute. “Memoria lantzeko herri ikuspegitik, zein eragile bakoitzak bere kabuz egiten duenaz gain, badira lan batzuk berebiziko garrantzia hartzen dutenak. Gernika eta memoria lantzeko dinamika ezberdinak izan arren, gu gara lehenengoak egin duguna inon jaso ez dugunak. Beraz, kontraesankorra da. Memoria gorde eta bergogorarazi nahi dugu, baina norberak sortutakoa ez dugu inon jasota”.
Hortaz, Gernika Memoriaren Lekuko plataforma sortzeagaz batera ohartu ziren egin diren eta egiten diren dinamika ezberdinen biltegia behar zutela. “Memoria eta historia eguneroko prentsan presente dago. Modu batean edo bestean, beti dago memoria lantzen edo notizia iragartzen duen zerbait. Eta Gernika, gainera, nahikoa presente dago, Gernikak ezer esaten ez duenean ere”, aipatu dute. Horrenbestez, garrantzitsua deritzote memoria hori jasotzea, ordenatzea eta nonbait eskuragarri edukitzea.
Egindakoa Hitzak jaso du. Artxiboa sortzeko iturri posibleen artean, Busturialdeko Hitza baliagarri izan zitekeela ohartu ziren plataformako kideak: “Azken 15 urtean herri komunikabide bat egon dela konturatu ginen, eta denbora horretan memoria historikoari lotutako ekimen ezberdinen berri emango zuela. Egindakoa Hitzak jaso du, eta Hitzak ez badu jaso, ez du inork jaso”.
Beste iturri posible batzuk ere arakatu dituzte; besteak beste, Lazkaoko artxibategira ere jo du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Esan dutenez, 70eko eta 90eko hamarkaden artean egin diren aldarrikapenen biltegi ordenatua inon badago, Lazkaon izan behar du.
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma hasita da artxiboa elikatzen, eta 2020ko apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenean egin zuen aurkezpena sarean. Gernika Batzordearen zenbait dokumentu argitara eman zituen.