Mobilizazioak egingo dituzte osasun langileek, "leher eginda" daudela salatzeko
Sindikatuek deituta, hiru hitzordu zehaztu dituzte: barikuan [irailak 18] lehen arretako zentro guztietan egingo dituzte elkarretaratzeak, 13:00etan; irailaren 25ean ospitale guztietan, 11:00etan; eta, azkenik, urriaren 3an Bilbon manifestazioa egingo dute, 12:00etan hasita.
“Osakidetza, honaino heldu gara. Leher eginda eta giza baliabiderik gabe gaude”. Esaldi horrekin iragarri dute osasun publikoko langileek datozen egun eta asteetan egingo dituzte mobilizazioak. Lehenengo hitzordua barikuan [irailak 18] ipini dute. Egun horretan, lehen arretako zentro guztien kanpoko aldean batuko dira langileak, 13:00etan. “Muturreko egoera” bizi dutela diote, eta hori bistaratu nahi dute.
Hurrengo hitzordua irailaren 25ean izango da. Orduan, ospitale guztien kanpoko aldean egingo dituzte elkarretaratzeak, 13:00etan. Azkenik, urriaren 3an, manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan hasita.
Ondoko puntuak dira Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriari eta oro har, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dizkiotenak:
- Osasun publikorako aurrekontu sail bat, Europa Batasuneko batez bestekoarekin parekatzen dena, eta %25a lehen mailako arretara bideratzea.
- Enpleguaren arloan lantaldeak handitzea eta lantaldeak egonkortuko duten behin-behineko langileen finkapena aldarrikatzen dituzte. “Neurri horiek Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako proffesionalen ihesa saihestuko lukete”.
- Murrizketa guztien berrikuspena: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri baten negoziazioa.
- Egindako pribatizazioak atzera egitea, enplegua mantenduz.
- Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren agerraldi baten aurrean, eta baita ere eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; laneko arriskuen balorazioa asistentzia maila guztietan, eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan kargen ondoriozkoak barne; eta neurri zuzentzaileak hartzea.
“Agintariek dira osasunaren eta gure lan baldintzen narriaduraren erantzule bakarrak. Osasunean gehiago inbertitzeko borondate politikorik ez izateak honako ondorioak ekarri ditu: murrizketak, arretaren kalitatearen galerak eta 11 urte pasatzea lan baldintzen akordio arautzailerik gabe”.
Gaineratu dute, mobilizazioen bidez jendarteari ere euren egoera zer nolakoa den erakutsi nahi dietela. “Langileak falta dira, behin-behinekotasun tasa altuak daude Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, aitorpen eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan baldintzen narriadura etengabea”.
Azken urteetako murrizketa politikek osasun publikoaren “ahultze progresibo eta kezkagarria” eragin dutela diote. “Hori agerian geratu da egungo osasun krisian. Gure osasun sistemak eguneroko bizitzan dituen giza baliabideen eta baliabide materialen eskasiaren adibide dira udan Lehen Mailako Arretako zentroetan bizi izandako egoerak”. Azken aldian, gainera, Osakidetzarekin izan ez dituzten elkarrizketak eta Osasun Sailak zuzendutako negoziazio kolektiboari buruzko politikak “negargarriak” izan direla ere salatuko dituzte.
Azken urteetako politikek osasun kudeaketaren filosofia aldaketa ekarri dutela diote: “pertsonak, pazientea edo profesionala izan, garrantzitsuena izateari utzi dio”.
Ondoko sindikatuek deituta egingo dira mobilizazioak: Satse erizainen sindikatua, Euskadiko Medikuen Sindikatua, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK.