"Istorio errealista da, baina, aldi berean, ez oso fidagarria"
Edu eta Matxin dira ‘Bahiketa’ eleberriko protagonistak. Nahiz eta istorioa Eduren burutik kontatuta dagoen, pisu handiagoa izan dezake Matxinek. Buenos Aires ere protagonista bihurtu du.
Bederatzigarren lana kalean dauka Asel Luzarraga Zarrabeitiak (Mundaka, 1971). Hain zuzen ere, Bahiketa eleberria argitaratu berri du Txalapartagaz .
Istorio errealista bat da oraingoa, ezta?
Bai, gure garaian kokatutako istorioa da; gehienbat, Buenos Airesen kokatzen da, Paris, Donostia edota Bartzelona ere agertzen diren arren. Errealista da, baina, aldi berean, ez oso fidagarria.
Edu eta Matxin dira protagonistak.
Hala da bai, lagunak dira Edu eta Matxin. Gehienbat, Eduren burutik kontatuta dago istorioa, nahiz eta, beharbada, pisu handiagoa daukan Matxinek. Eduk oso idealizatuta daukan laguna da Matxin, bera da ustez bahitua izan dena, desagertu dena. Eduk La Hoz egunkari marxistan lan egiten du. Matxin anarkista den arren, noizean behin artikuluak argitaratzen dizkiote. Behin, Matxinen artikuluaren zain daudela, ez da heltzen artikulua, eta Matxin ere ez da agertzen. Edu konturatzen da, hortaz, egunak daramatzala Matxin ikusi barik, eta bere paranoia eta beldurrekin hasten da. Ibilbidea orduan Eduren eskutik doa, baina Edu aldi berean, denbora guztian dago Matxini begira. Hortaz, pisurik handiena Matxinen ideiek eta pentsamenduak daukate, Eduren ikuspegitik iragazita.
Nagusiki, Buenos Airesen kokatu duzu istoria. Zergatiren bat badu?
Eleberria 2012an sortu zen Ramos Mejiara joan nintzenean. Lagun psikologo batzuen etxean nengoen, eta gau batean porro bana egin genuen. Oso bidaia txarra eduki nuen, denbora-espazioaren haustura eta abar… Laburra izan bazen ere, niri oso luze egin zitzaidan. Tarte horretan Orhan Pamuk idazle turkiarraren Liburu beltza irakurtzen nenbilen. Liburu horretako protagonista desagertu den emakume baten bila dabil. Hala, esperientzia batek bestera eramanda, bahiketa bat irudikatzeko ideia sortu zitzaidan. Ideia Buenos Aires inguruan sortu zenez, han girotzea pentsatu nuen; han egon nintzen bizitzen, gainera, 2012tik 2017ra. Han nengoela, Bioklik eleberria amaitu eta istorio honegaz hasi nintzen. Buenos Airesen hasi nintzen idazten, nahiz eta Bermeon amaitu. Buenos Aires liburuko hirugarren protagonista da: giroa, usaina, metroa, bultzadak… agertzen dira. Omenalditxo bat egin gura izan dut, ez omenaldi erromantikoa, bere ikutu ironikoa eta garratza ere badaukalako. 90ean Euskal Herritik ihes eginda iritsi ziren Argentinako hiriburura bi protagonistak, baina oraindik deserrotuta daude, Euskal Herria daukate buruan, eta han urte asko egin arren, oraindik kanpotar sentitzen dira. Orduan, askotan, arrotzaren begiradatik ikusten dute Buenos Aires.
Izenburuagaz jolas bat egin gura izan duzula diozu.
Izen polisemikoak gustatzen zaizkit. Nire liburuen izenburuetan askotan bilatzen dut gauza bati baino gehiagori aplikatu ahal izatea. Bahiketa-ren kasuan, gauza bat da agerian dagoena, hau da, Eduren beldurrak. Matxin desagertu dela pentsatzen du bahitu egin dutelako; eta hor hasten da bere buruan, bidaia atzera eta aurrera. Hor agertuko dira, hala ere, adiskidetasun zahar horrek dituen hainbat arrakala, traizio txiki… Eduk Matxinen artikulu guztiak ez zituela argitaratzen ikusiko da, batzuk bahituta geratzen zirela, zein zen benetako arrazoia Buenos Airesera joateko… Azkenean nor egon da bahituta? zergatik? nork bahituta? Beharbada ikusiko dugu gauza bat edo pertsona bat baino gehiago egon litezkeela bahituta, eta bahituta egoteko modu asko daudela. Hori guztia dago jolas horretan.
Errealismoa eta fikzioa nahastea gustuko duzu.
Bai, horrela da. Honetan, Eduren buruko bidaia horretan gertatzen diren gauza surrealistak agertzen dira. Horretan katuek daukate pisu handia, eta hori horrela izatea ez da kasualitatea. Hain justu ere, Buenos Airesen eduki nituen nire lehenengo katuak. Beti gustukoak izan ditut katuak, beste gauza bat da horiekin bizitzea. Orduan, askotan, katuek ere sinbolikoki markatzen dute Eduren fikziozko mundu hori.
Istorioa zabalik utzi duzu?
Ez naiz bigarren zatiak egitearen lagun. Niretzako liburu bakoitza bidaia bat da, bilaketa bat, eta horregaz amaitzen da. Baina, aspaldian, jolas literario moduko bat egiten ari naiz; hainbat eleberri lotzen ditut zeharka. Ez dut asko aurreratu gura, baina honetan keinu bat dago geroko ziklo bati begira.
Zer diote irakurleek?
Oraintsu atera da. Argitaratu aurretik Edorta Jimenezek irakurri zuen, horregatik esker ona adierazi diot liburuan. Bera Buenos Airesen egondakoa da, eta hiria sentitu zuela esan zidan. Gustatu zitzaion. Liburu laburra da, baina ez da erraza. Eduren bidaia horretan zer gertatzen den ez galtzeko jarraikortasuna behar da, bai eta irudimena nahikoa libre eta zabalik uztea ere.
Zeintzuk dira hurrengo proiektuak?
Beste hiru liburu amaituta dauzkat. Bata datorren urtean argitaratuko dela baieztatu didate, Elkarrek argitaratuko dit: Maltusen ezinegona. Berriro distopia izango da, uste dut azkena izango dela. Gauza batzuetan badauka lotura apur bat Karonte eta Bioklik liburuekin. Zientzia fikziozko trilogia distopiko bat ixten da. Bestalde, badauka baita ere bidean dagoen beste zikloagaz lotura. Orain, eleberri bi idazten nabil aldi berean. Bikotekide barik bakarrik bizi naizenetik askoz produktiboagoa naiz. Lehen ere asko idazten nuen, baino, orain, askoz ere gehiago.
Zelan idatzi daitezke bi eleberri aldi berean?
Bata nahikoa aurreratuta dago, oso definituta dago. Bestearen ideia bat-batean etorri zitzaidan burura, eta ezin izan nuen gehiago itxaron; inoiz ez dut horrelakorik egin. Beldurrezko eleberri bat da, erronka berri bat da niretzat. Normalean, barikuetan bat idazten dut, eta zapatuetan bestea. Bakoitzarentzat egun bat daukat.
Busturialdeko fanzine bat kaleratzeko lanetan ere bazabiltza beste batzuekin. Zelan doa proiektua?
Uztailean egin genuen lehenengo batzarra, eta indar handiagaz hasi ginen, baina gero, uda tartean egonda, eta gainera, uda arraro honetan… Gauza batzuk eginda badaude, baina kostatzen ari zaigu, eta oraindik lehenengo alea kaleratu barik dago. Uste dut gauza polita izango dela. Urdaibai edo Busturialdeari begira egindako lana da. Inguruko buruak astintzeko beste bozgorailu bat izango dela uste dut. Niri gustatuko litzaidake paperean argiratuta kaleratzea, baina begiratu beharko dugu zenbateko kostua duen. Kantarrabi eroango du izenburutzat. Inguruko euskaragaz gabiltza jolasean, hortik dator Kantarrabi.