Gernikako Arin Arin Atletismo Taldekoak entrenamenduetara bueltan
Gernika-Lumoko atletismo taldekoak bihar [irailak 18] hasiko dira entrenatzen. Aurreko denboraldia martxoan eten beharra eduki ostean, ikasturte berriari gogoz ekiteko prest daude.
Urtez urte handitzen joan den familia da Gernikako Arin Arin Atletismo Taldea. Gaur gaurkoz, 200 bat kide dira (% 40 neskak). “Entrenamenduekin hasi arren, 2020-2021 denboraldirako izena emateko epeak zabalik jarraitzen du, eta Gernikako eta Urdaibaiko udalerrietako bizilagunak animatu nahi ditugu kirol proiektu honetan gurekin parte hartzera. Gure webgunean, atletismogernika.blogspot.com, izena eman behar da”, adierazi dute taldearen ordezkariek.
Aurrebenjaminetan hasi eta beteranoak arte, alebin, kadete, jubenil eta senior kategorietako taldeek osatzen dute proiektua. Taldeko gehienak haurrak, nerabeak eta gazteak dira, baina helduak ere asko dira: “Kategoria bakoitzaz kirol teknikari eta prestatzaile bana arduratzen da. Gehiengoak running modalitate ezberdinak (fondoa, erdi fondoa, abiadura eta hesiak) aukeratzen baditu ere, nahi duenak bestelako modalitateak ere entrenatu ahal ditu, hala jaurtiketak (xabalina, mailua eta, pisua) nola jauziak (altuera eta luzera)”.
Koronabirus pandemiaren garai hauetan “inoiz baino gehiago”, atletismoa dela kirolik “seguruena” azpimarratu dute, “norbanaka egiten den kirola delako baina, aldi berean, taldeko dinamika batean parte hartzea ahalbidetzen duelako”. Gainera, lehiatu barik, besterik gabe korrikan ibili nahi dutenei, eurekin entrenamenduak egiteko aukera eskaintzen diete. Astean birritan lagun taldea biltzen da eta taldeko koordinatzaileak gidatuta korrika egitera irteten dira, bakoitza bere erritmoan eta nahi duen distantzian, bakarrik edo taldean.