Batel txapelketak jokatuko dituzte asteburu honetan
Zapatu goizean Bizkaiko txapelketa lehiatuko dute Sestaon, eta domeka goizean Euskadiko Legution.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Euskadiko batel txapelketak jokatuko dituzte asteburu honetan. Zapatu goizean lehiatuko dituzte bi lurraldeetakoak; bizkaitarren lehia 10:00etan hasiko da Sestaoko Benedikta eremuan, eta gipuzkoarrena, berriz, 11:00etan Legution. Leku horretan jokatuko dute Euskadiko Txapelketa domekan, 11:00etatik aurrera. Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketetako maila bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek lehiatuko dute Euskadikoa.
Busturialdeko bi arraun talde ariko dira Bizkaiko titulua lortzeko borrokan. Bermeotik kadete eta gazte mailako mutilen taldeak eta Elantxobetik gazte mailako mutilen taldea joango dira Sestaora.
Aldaketak. COVID-19ak baldintzatuta hainbat moldaketa egin behar izan dituzte aurten federazioek. Data aldaketaz gain, kimu eta txiki mailetakoak ez dira lehiatuko umeen eskola kirola momentuz ez dagoelako baimenduta (ezin dute entrenatu ez lehiatu). Publikorik barik lehiatuko dira txapelketak (Sestaon, esaterako, pasealekua itxiko dute). Eta ez da sailkapen estropadarik egongo, egun bakarrean lehiatuko dira, eta denborarik onena egiten duena izango da irabazlea. “Gehienez bost talde egongo dira estropada eremuan, eta talde gehiago badira txanda desberdinak egongo dira. Denborarik onena egiten duena izango da irabazlea”, azaldu dute Bizkaiko Arraun Federazioaren ordezkariek.