Bihar zarratuko dute Martillo kaiko bainurako gunea
Behin zarratuta, barikutik aurrera bainatzea debekatuta egongo dela gogorarazi dute.
Urteetako herritar askoren eskaerei erantzuna emanez, aisialdirako gune berria zabaldu zuten uztailaren hasieran Martillo kaian. Orain, gunea zarratzeko unea iritsi da. Bihar erabili ahalko da azkenekoz. Barikutik aurrera, portu guztian bezala, debekatuta egongo da bainatzea.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak lehenengo urtearen balorazio “oso positiboa” egin du. Datorren urtera begira, guneak izan duen harrera ona ikusita, “arazo berezirik ezean”, berriz zabaltzeko asmoa dagoela adierazi du. Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sinatutako hitzarmenari esker, 2.377 metro koadroko bainurako gunea erabili ahal izan dute bermeotarrek udan. Lehorreko eremu bat ere badago, 680 metro kuadrokoa.
Aisialdirako gune berriak izan duen harrerarekin “pozik” daudela esan du alkateak; “oro har herritarrek egin duten erabilerarekin”. Alkatearen ustez, “COVID-19ak gogor markatu duen udan”, herrian bainatzeko toki ezberdinak izateak “asko lagundu du”.
Erabiltzaileek ekarpen asko egin dituztela azaldu du: “Gure helburua herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzen joatea izanik, horiek kontutan izango ditugu datorren urteari begira, noski”