Bermeok hartuko du Eusko Label Ligako azkenaurreko jardunaldia
Pilaketak ekiditeko Bermeora ez etortzeko deia egin dute, "erantzukizunez jokatu behar delako".
Arraun denboraldia amaitzear dago. Bi jardunaldi baino ez dira geratzen, horietako bat Bermeok hartuko du. Hain zuzen ere, zapatuan Bermeoko uretan jokatuko da Bermeo Hiriko 38. Ikurriña – Avia Sari Nagusia. Gainera, igoera eta jaitsiera playoff-en lehen jardunaldia lehiatuko dute Bermeoko uretan.
Gaur goizean aurkeztu dute Bermeoko estropada Arrantzaleen Museoan. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren hitzetan, “edizio berezia” izango da: “Ez ditugu zaleak edukiko kaleak kolorez betetzeko”. Hala ere, urtero legez, “ilusioz” biziko dutela dio: “Pilaketa barik, baina intentsitate berdinagaz gozatuko dugu primerako lehia honetaz, jakin badakigulako aurten egiten ditugun ahaleginak etorkizuna ez baldintzatzeko mereziko duela”.
Aurten, pilaketak ekiditeko, hobeena estropada telebistaz jarraitzea dela esan du alkateak. Hortaz, Bermeora ez etortzeko deia egin du, “erantzukizunez jokatu behar delako”.
18:20ean hasiko da lehia. Lehenengo txandan Euskotren Ligako igoera eta jaitsiera playoff-en lehen jardunaldia lehiatuko dute. Hibaika Jamones Ancin, Tolosaldea Arraun Kluba, Cabo eta Hondarribia Bertako Igogailuak ariko dira lehian. Erlojupeko formatuan, 2.778 metroko distantzian bi luze eta ziaboga bat eginez gauzatuko dituzte kanporaketak. Traineruak minutu bateko tarteagaz irtengo dira.
Ondoren, Eusko Label Ligako kanporaketen lehen jardunaldiari ekingo diote. Berriz erlojupeko formatuan, 5.556 metroko distantzian, lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte traineruek. SDR Pedreña Grupo Dynasol, Sanpedrotarra A.E., Samertolameu Oversea, Tiran Pereira eta Zarautz Babyautoren txanda izango da.
Kanporaketen ostean, Bermeo Hiriko 38. Ikurriña Avia Sari Nagusia hasiko dute, denboraldiko azkenaurrekoa. Horretan, Eusko Label Ligako lehenengo zortzi sailkatuak ariko dira lehian. Bi txandak sailkapen nagusiaren arabera banatuta egongo dira; beraz, lehenengoan Lekittarra Elecnor, Cabo, Donostiarra Amenabar eta Zierbena Bahias de Bizkaia izango dira; eta ohorezko txandan aterako dira, berriz, Bermeo Urdaibai Avia, Orio Arraunketa Elkartea, go fit Hondarribia eta Santurtzi Transportes eta Gruas Aguado.
Bermeo Urdaibai Arraun Elkartearen izenean hitz egin du Agustin Aranburuk, eta taldeak “maila emango duela” uste du, “ondo prestatu baitira”. Arraun elkarteetako kideei eskatu die ohar eta seinale guztiak betetzeko, “ondo markatuta egongo direlako”.
Zirkulazio neurriak. Zapatuko estropadak direla-eta, Bermeoko Udalak zenbait zirkulazio neurri hartu ditu. Hala, bihar goizean, olatu hormako, Olatua eskulturako eta izotz fabrika ondoko aparkalekuak zarratu egingo dituzte, eta bariku arratsalderako hutsik egon beharko dira.
Bariku goizean, berriz, Frantxuenetik aurrera ibilgailuek ezingo dute igaro. Hala ere, portuan etxebizitza daukatenen sarrera-irteerak eta ostalaritza-merkataritza zerbitzuen zama lanak egitea baimenduta egongo dira.
Estropada egunean bertan, 15:00etatik aurrera, ibilgailuen zein oinezkoen pasoa debekatu egingo da Frantxuenetik aurrera. Hau da, ezingo da joan ez olatu hormara, ezta Martillo kai ingurura.