Zigorra beteta, Frantziak Ibon Goieaskoetxea espainiaratu du
Ibon Goieaskoetexearen egoera salatzeko, elkarretaratzea deitu dute gaur iluntzerako; 20:30ean batuko dira San Kristobal auzoko autobus geltokian.
Frantziak Espainiaren esku utzi du Ibon Goieaskoetxea euskal presoa. Busturiarrak bete du Frantziak ezarri zion 14 urteko zigorra, kondena beteta aske utzi beharko luketeen arren, Espainiak luzatuta zuen euroagindua bete du Frantziak. Hain zuzen ere, gaur eroan dute Goieaskoetxea Espainiara, eta datozen egunetan epailearen aurrera eramatea espero dute haren gertukoek.
Naiz.eus hedabideak gaur zabaldu duenez, 09:00etan deitu die Goieaskoetxeak senideei, oraindik Mont-de-Marsango (Frantzia) espetxean zegoela jakinarazteko. 15:00ak aldera hitz egin du Hitzak haren senideekin, eta Madril inguruko kartzelaren batetan zegoela esan dute.
Ibon Goieaskoetexearen egoera salatzeko, elkarretaratzea deitu dute gaur iluntzerako; 20:30ean batuko dira San Kristobal auzoko autobus geltokian, Bakea eta demokrazia, erasorik ez! lelopean.
Ibon Goieaskoetxea 2010eko otsailaren 28an atxilotu zuten Noremadiako Cahan herriaan (Frantzia), Beñat Aginagalde eta Jose Lorenzo Aiestaranekin batera. «ETAko logistika militarraren arduradun izatea» egotzita zioten atxilotu zutenean, eta 2015ean epaitu zuten Parisen. Guztira 31 delitu egotzi zizkioten busturiarrari, eta Frantziako justiziak 14 urteko zigorra ezarri zion.
Sakabanatuta. Gaur arte Mont-de-Marsango kartzelan izan dute Ibon Goieaskoetxea. 2018ko uztailean hurbildu zuten busturiarra (etxetik 234 kilometrotara dagoen kartzelara). 2016ko urritik ordura arte, baina, etxetik 750 kilometrora urrunduta zuten Ibon Goieaskoetxea, Frantziako Arleseko kartzelan.
Hain zuzen ere, euskal jendarteak eta Busturialdeko herritarrek sarritan salatu dute preso eta senideek jasan behar duten urruntze politika. Gernika-Lumoko Sarek emandako datuen arabera, 1989. urtean onartu zuten sakabanaketa politikaren ondorioz, aste batean presoen senide guztien artean 13,2 buelta ematen dizkiote munduari, eta 110.112,03 euro gastatzen dituzte.