SOS Gaztelugatxe: "Biosfera eta turismoa nekez dira bateragarriak"
Plataformakoen ustez, Urdaibaiko Biosfera Erreserba turismo helmuga jasangarri izendatzeak "bisitari kopurua nabarmen igo dezake", eta ondorioak "ez dira ez gustukoak ezta positiboak ere".
Joan den astean jakinarazi zuten Urdaibaiko Biosfera Erreserba izango zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehenengo gune babestua turismo helmuga jasangarri gisa egiaztatzen. Aipatu izendapenaren inguruko balorazioa egin gura izan du SOS Gaztelugatxe plataformak, horien arabera, “Biosfera Erreserbak eta turismoa nekez dira bateragarriak”.
Horrek izendapenak Urdaibai nazioartean ezagutzera emateko aukera eskainiko duela dio plataformak. “Gaztelugatxeko San Juanen bisitzen ari garen gauza bera gertatu daiteke. Bisitari kopuruak nabarmen gora egin dezake, eta argi daukagu ondorioak ez direla ez gustukoak ezta positiboak ere”.
Gogorarazi dutenez, SOS Gaztelugatxe natura zaintzeko eta babesteko sortutako herri plataforma da: “Oso arraroa edo ulergaitza egiten zaigu natura eta turismo hitzak esaldi berean sartzea eta batak bestea errespetatzea”.
Hainbatetan erabiltzen den “jasangarri” hitzari buruz hurrengoa diote: “Badirudi jasangarri hitzak kutsu berdea duela, baina gure ustez, hitza ez da batere zehatza. Zer da jasangarria izatea? Adibide modura, Gaztelugatxerako hartutako neurriak jar daitezke… Jasangarriak zirela esan ziguten behin eta berriro, baina guk ez dugu horrela uste. Jasangarria al da egunero 3.000 bisitari proposatzea halako inguru mugatu baterako? Gure ustez, ez! Uda honetan, egunean 900 bat bisitari egon dira. Baina murrizketa hori ez da izan inguruaren degradazioa ekiditeko hartutako neurria, osasun larrialdiak derrigortuta hartutako neurria baizik».
Landu beharreko eremua. Ekonomia eta natura ere erlazionatu gura dituztela uste dute, eta ingurune natural batek etekin ekonomikoak ematen dituenean, “ustiatu egiten delako da, eta ondorioz, degradatu”.
Plataformakoek argi daukate mota horretako izendapen bat eman aurretik asko direla landu beharreko eremuak. Edukiera ahalmena da horietako bat. Turisten erabilerak eta ohiturak ere aztertzekoak direla uste dute, hau da, zein den erakarri gura den turisten profila.
Beste alde batetik, horien arabera, hondakinen kudeaketa eta ingurumenaren kutsadura ere landu beharrekoak dira: “Gaur egun, itsasadarretik paseo bat ematea nahikoa da ertzetan batzen den zikinkeria guztia ikusteko, oraindik nazioartean ezagutzera eman barik. Eta noizean behin bertan agertzen den bitsa?”.
Eta, azkenik, garrantzitsuena plataformako kideen iritziz, bertako biztanleen bizimodua babestea da: “Bertan bizi direnek inguruaz gozatu egin behar dute, eta hori horrela ez denean, kanpora begiratu beharrean, barrura begiratu beharrean gaude. Ez da posible kanpokoak pozik egoteko, bertokoak alboratuta eta haserre edukitzea”.
Turismo jasangarriaren arloko Europako aintzatespena izango duen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako helmuga bakarra izango da Urdaibaiko Biosfera Erreserba. Gaur gaurkoz, atxikitutako 168 gune daude, hogei herrialdetan banatuta.