Hezkuntzako grebak langileen, ikasleen zein familien aldetik "babes zabala" jaso duela esan dute sindikatuek
Sindikatuen arabera, grebak %65eko jarraipena eduki du, eta Hezkuntza Sailaren arabera, jarraipena %45,2koa izan da.
Hezkuntza zentroetan greba deialdia egin du gaurko gehiengo sindikalak, eta eguerdian euren aldarrikapenak eroan dituzte hiriburueko kaleetara. Sindikatuen arabera, %65eko jarraipena eduki du, “eta beste hainbatek bat egin dute zerbitzu minimoetan egon arren”. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, ostera, %45,2koa izan dela esan du.
Manifestazioetan 17.000 langiletik gora batu direla esan dute (8.000 Bilbon, 5.000 Gasteizen eta 4.000 Donostian).
Gaur egungo egoerak eskatzen duen ardura “behingoz beregain hartuta”, aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurriak eta baliabideak martxan jartzea eskatu diote sindikatuek Hezkuntza Sailari: “Horrela soilik bermatu ahalko ditu osasuna eta kalitatezko hezkuntza”.
Grebak “babes oso zabala” eduki duela eta, balorazio positiboa egin dute sindikatuek: “Zerbitzu minimoetan ez dauden langileen ehuneko handi batek greba egin du, eta zerbitzu minimoak betetzeko ikastetxeetan geratzera behartuak izan diren langileek ere ozen adierazi dute grebaren bitartez azaleratu nahi diren aldarriekiko beraien babesa”.
Eskualdeko datuak
Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Ikastetxean irakasleen %91,7k egin du greba, eta Eskolako Hezkuntza Bereziko hezitzaileen kasuan, berriz, %100k. Seber Altube Ikastolan ere irakasleen gehiengoak egin du greba, %60k hain zuzen ere. Ikastolara bertaratutako ikasleak ere “oso gutxi” izan direla esan dute zuzendaritza taldekoek, izan ere, 25 ikasle inguru joan ziren, eta 600 ikasle baino gehiago dituzte.
Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxean irakasleen %38ak eta ikasleen %83ak egin zuen greba.
Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan eta Mertzede Ikastetxean, ostera, ez dute greba deialdiagaz bat egin, ezta Bermeoko Eleizalde Ikastolan eta Sagrado Corazon Ikastetxean ere.
Gernika BHIko irakasleen herenak bat egin zuen greba deialdiagaz. Hezkuntza itzulera segurua eta adostua izan behar dela aldarrikatuz, astelehenean Gernika BHIko zenbait irakaslek elkarretaratzea egin zuten, institutu aurrean, hezkuntzan deitutatako grebagaz bat egiteko arrazoiak kaleratuz. Hezkuntza segurua ikasle eta langileontzat zioen pankarta nagusiak, eta bestelako aldarrikapenak ere erakutsi zituzten goizeko protestan: «Segurtasunarekin lan egin nahi dutela; 860 ikasle eta 120 langilerentzat bi termometro baino ez dituztela; dituzten baliabideekin ezinezkoa zaiela segurtasun-tartea bermatzea, 29 ikasle 53 metro koadrotan egon beharko dutelako; 1.000 pertsonarentzat garbitzaile erdi bat gehiago besterik ez dutela edota teknikorik ez dutela».
Bermeoko Arozena Barrueta BHIn irakasleen %40,68k greba egin du, eta ondorioz, “eskolen %75 inguru” ezin izan dute eman.
Barrutialde BHIn, berriz, grebaren eragina “oso eskasa” izan zen; irakasleen %8k bat egin zuen.
Barrutia herri ikastetxean, ostera, eragina nabaria izan zen: 31 irakasle daude, eta horietatik 22 ez ziren lanera joan atzo. Ikasle gutxi bertaratu ziren, “35 inguru” (280 bat ikasle dira).
Eskola txikiak. Udalerri txikietako eskolei dagokionez, Eako Haizeder Eskolan hezitzaile guztiek egin dute greba: bostetik lauk, eta zuzendaria egon zen zerbitzu minimoa bermatzen. Busturiko Jose Mari Uzelai Herri Ikastetxean irakasleen %20k, Mundakan %67k eta Muxikako Urretxindorra eskolan %50ak irakasleen egin du greba. Gautegiz Arteagako Montorre herri eskolan, berriz, zazpi irakasletik hiruk egin zuten (%43). Ikasle “oso gutxi” bertaratu dira.