Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana antolatu dute zapaturako
10 laguneko taldeetan lan egingo dute. Garbiketa lanetan parte hartu gura dutenek eguena dute izena emateko azken eguna.
Lurgaia Fundazioak, BBK Fundazioaren laguntzagaz, Gaztelugatxeko San Juan garbitzeko auzolana antolatu du zapaturako. Oso paisaia ezaguna bada ere, “ingurumen-arazo handi batek zigortzen duela” diote Lurgaiakoek: “hondakin plastikoak”.
Diotenez, itsaso osoa garbitu ezin bada ere, “biotopoa zaindu eta babestu dezakegu”, eta batez ere, arazoa zabaldu, sentsibilizatu eta ikusarazi.
10 laguneko taldeetan lan egingo dute eta Gaztelugatxeko kala osoan zabalduta lan egingo dute, denbora guztian segurtasun tartea mantendu ahal izateko.
Garbiketa lanetan parte hartu gura dutenek, eguena dute izena emateko azken eguna (13:00ak baino lehen). Interesdunek info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzi beharko dute: Izen-abizenak, adina, udalerria eta telefono zenbakia bidali beharko dira. 18 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahalko dute. “COVID-19agaz bateragarria den edozein sintoma dutenei, isolamenduan edo berrogeialdian daudenei edo birusa duten pertsonekin egon direla uste dutenei arduraz jokatzeko eta ez etortzeko eskatzen diegu, jardunaldi gehiago egongo dira eta”, azaldu dute antolatzaileek.
Parte hartzaileak 09:00etan egon beharko dute zapatuan, Eneperi Jatetxeko aparkalekuan.
Izena ematen dutenei hutsik ez egiteko eskatzen die, eta joan ezin izatekotan “lehenbailehen abisatzea”.
Eguraldiaren iragarpena “oso txarra” baldin bada, abisatu eta jardunalia etengo dutela diote; hala ere, normalean aurrera egiten dute.
Parte hartzaileek maskara soinean eroan beharko dute lanaldi osoan. Ura eroan beharko dute, eta gura baldin badute, goiz erdian jateko zerbait. Jardunaldiaren amaieran antolatzaileek banatuko dituzte jan-edanak.
Antolatzaileek arropa eta oinetako erosoak (laban egiten ez dutenak eta busti daitezkeenak), eroatea gomendatu diete boluntario bezala joatea pentsatuta daukatenei.