Egindako lanagaz txapeldunorde izateaz harro
Lointek Gernika Bizkaiak 50-66 galdu du Perfumerias Avenidaren kontra Superkoparen finala.
Denboraldia ezin hobeto hasi du Lointek Gernika Bizkaiak. Superkopa lehenengoz lehiatu, eta finalean sartzea ez da edonolako marka.
Valenciaren kontrako finalerdian nagusitzea zen talde gernikarrekoen helburua, eta lan gogorragaz, sufrituz, atzoko finalean sartu ziren. Luzapenean erabaki zen finalista. 68-62 amaitu zuten. Txarto hasi zen Lointek, baina talde lanagaz finalean sartzeko ametsa lortu zuten jokalariek. Denboraldia hasi baino ez dute egin, baina taldearen nortasunaren ezaugarriak ikusten dira.
Aurreko denboraldietako ildoa jarraituz, pausoz pauso historia marrazten segitzen du Lointek Gernika Bizkaiak. 50-66 galdu zuen Perfumerias Avenidaren kontrako finala, atzo gauean, Bilbao Arenan. Baina, emaitzaz harago, Emakumezkoen Ligako izen handi horregaz finalean egotea bada saria. Salamancako taldearentzat bederatzigarren Superkopa da aurtengoa.
Indartsu kantxaratu ziren bi taldeak, eta batzuek zein besteek aurkarien jokoa oztopatzeko defentsa lan itzela egin zuten. Hain zuzen, horren adierazle da lehen laurdena hamabosna amaitzea. Talde gernikarrak batik bat kanpoko jaurtiketei esker pilatu zituen puntuak. Bigarren laurdenean, Ariztimuñok eta Arrojok defentsari intentsitate gehiago eman zioten, eta erasoan, Ginzori baloiak uztea izan zen estrategia. Hegaleko pibotak esperientzia handia dauka halako partiduetan, eta ia sei puntu jarraian lortu zituen.
“Lehen bi laurdenak oso onak egin ditugu, nahiz eta baloia mugitzeko arazoak eduki. Bigarren laurdenean joko oneko momentuak izan ditugu; zenbait unetan aurretik jartzeko aukera eduki dugu, eta Avenida zalantzati egon da, baina ez ditugu momentu horiek aprobetxatu”, esan zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak partidu amaieran.
Berdinduta heldu ziren atsedenaldira (31-32), eta Avenidaren 0-13ko partziala erabakigarria izan zen. Avenida bezalako talde baten halako partzialari buelta ematea”oso gaitza” dela zehaztu zuen Lopezek: “Hor atzean sendotasuna galdu dugu, eta erasoan presa sartu zaigu. Amaierara arte borrokatu dugu, baina azken bi laurdenetan indarra galdu dugu, eta defentsan ahulago egon gara”. Lointekeko Roso Buch kataluniarrak ere lehen zati ona egin zutela azpimarratu zuen: “Egin nahi genuen jokoa egin dugu, eta markagailuari eutsi diogu. Baina egia da hirugarren laurdenean partiduak ihes egin digula. Energia eta hanketan indarra falta izan zaizkigu, markagailua irauli ahal izateko. Saiatu gara, baina nekeak ez digu argi pentsatzen eta erasoan arintasunagaz jokatzen utzi”.
Bigarren zatia geldiezin hasi zuen Salamancako taldeak, eta bigarren zatian bere talentua azaleratu zuen, jarrera erasokorragaz. Zikloien pareko indarra erakutsi zuen. Hirukoen festa erakutsi zuen, tartean bi jarraian. Talde gernikarra Ivanovic-ek atera zuen zulotik. Erantzukizunak hartu zituen eskolta serbiar beteranoak. Baina, errebotearen orbana amesgaiztoa izan zen. Nahi eta ezinean galdu zuen partidua.
Liga aste honetan hasiko dute, eta talde granateak “hazteko gaitasuna” daukala uste du Lointeken entrenatzaileak: “Oraindik ez dago mailarik onenean, ez fisikoki ezta taktikoki ere. Horregatik, haztea espero dugu”.
Buchen berbetan, Superkopan abisua eman dute. Gernika talde “zaila” dela, eta aurkariei “gauzak eragotziko” dizkietela erakutsi dutela zehaztu zuen atzo: “Valencia bezalako talde bati irabazita, ohore bat da halako finala jokatu ahal izatea, bai klubarentzat eta baita guretzat ere. Pozik gaude hori lortu dugulako, nahiz eta galtzeagatik zapore garratza geratu. Taldea lan ona egiten ari da, eta beharrean eta hobetzen jarraituko dugu, eta elkar hobeto ezagutzen talde moduan hazten jarraitzeko”.
Entrenatzaile eta jokalariak zaleei eskerrak eman zizkieten talde osoaren izenean. Izan ere, aforo mugatuagaz jokatu dute Superkopa, eta marea granateak ezin izan ditu Bilbao Arenaren harmailak bete. Hala ere, zale batzuk Bilbora hurbildu ziren euren babesa erakustera. “Emandako animo mezuengatik eskerrak ematen dizkiegu. Espero dugu denboraldi on bat eskaintzea eta gutaz harro sentitzea”.