Igerilekuko beiratea berrituko dute
Igerilekua abenduan erabilgarri egotea espero dute. Araneko kiroldegiko erabiltzaileek Eusko Jaurlaritzak sustatutako Mugiment Kirol Txartela eskatzeko aukera daukate, beste herri batzuetako kirol instalazioak erabiltzeko.
Bermeoko Udalak Araneko kiroldegiko igerilekuko beiratea berrituko du. Urteen joan-etorriek eta neguko haize boladek beiratea hondatu dute. Hala, udalak beirate berria jartzea erabaki du, “instalazioak hobetze aldera”.
Proiektua dagoeneko esleituta dagoela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Urriaren hasieran hastekoak dira lanak egiten, eta azaroaren amaierarako amaitzea aurreikusten dute. Igerilekua abenduan erabilgarri egotea espero dute.
477.950 euroko inbertsioa egingo dutela adierazi du Abaroak. Jakitera eman duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza izango dute horretarako.
Beiratea eta larrialdietarako eskailera kontuan hartuta, aurten, guztira, ia 700.000 euroko inbertsioa egingo da Araneko kiroldegian. “Udal gobernuak legealdi hasieran hartutako bi konpromisori erantzuna emango diogu, hau da, herriko instalazioak hobetzeari eta herritarren segurtasuna bermatzen dituzten lanak burutzeari, hain zuzen”.
Mugiment Kirol Txartela. Bestalde, Bermeoko Kirol Patronatuko zuzendari Itxaro Zabalak jakitera eman duenez, Araneko kiroldegiko erabiltzaileek Eusko Jaurlaritzak sustatutako Mugiment Kirol Txartela eskatu dezakete. Horregaz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ekimen horretara atxikituta dauden kirol instalazioetara sartzeko aukera edukiko dute, gain kosturik barik.
Zerbitzu berri horregaz, instalazio eta kirol mota gehiago eskaini gura zazkie herritarrei, “bai eta baliabide publikoak hobeto kudeatu, orain dauden kirol-azpiegituren erabilera optimizatuz”.
Bermeo ekimen honetara gehitu den Busturialdeko lehenengo udalerria da. Mugiment Kirol Txartela mugikorrean eduki daiteke, aplikazioa jaitsita. Eskatzen dituzten datuak sartu eta bazkide den kiroldegiak baimena eman ostean, sarrera edukiko du ekimenera izena emanda dauden kiroldegietara. Mugikorrean izatea gomendagarria bada ere, ez da beharrezkoa. Bazkide txartela eta NAN dokumentua aurkeztuta ere sartu ahalko da instalazio desberdinetara.
Orain arte izena emandakoak:
- Araba: Laudio eta Amurrio.
- Bizkaia: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Bakio, Basauri, Barakaldo, Etxebarri, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Sestao, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Zierbena eta Santurtzi.
- Gipuzkoa: Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñati.