Nekazal etorkizuna ereiten
Lurre Hurre proiektuari esker, hamazortzi hilabeteko formakuntza programa jasotzen ari dira bost senegaldar. Hala, boluntarioei esker, nekazarien lanbidea ikasten dabiltza.
Landa garapenaren bidez migranteen partaidetza bultzatzeko helburua dauka Bermeon sortu den Lurre Hurre proiektuak. Modu horretan, Lurre Hurre elkarteak urte eta erdiko formakuntza programa prestatu du pertsona migranteek nekazal lanbidea ikasi dezaten.
Konfinamendu garaian forma hartu zuen proiektua dela dio Josu Ojinagak, eta Hurre taldean dauka abiapuntua. Hurre taldetik solasaldiak antolatu izan dituzte migranteekin; horietan 40 lagun inguru batu izan direla dio. Solasaldi horietan ezagutu zituzten gaur egun Lurre Hurre proiektuan parte hartzen ari diren bost senegaldarrak: «Egoera larrian bizi ziren, eta eurentzako proiektu egokia zela pentsatu genuen».
Elkartearen helburu nagusietako bat da Busturialdeko landa eremua dinamizatzeko alternatibak bilatzea. «Ezinbestekotzat» jotzen dute, gainera, baserriek aspalditik burututako nekazal jardunaren erreleboa hartzeko proiektuak garatzea.
Konfinamendua igarota hasi ziren, hortaz, proiektua abiarazten, eta uste baino gehiago kosta zaiela dio Ojinagak. «Korrika hasi ginen lurrak bilatzen. Almika auzoan lortu genituen lehenengoak Almiketxu erretegiari eta Lezamiztarrei esker. Lur horiekin martxan hasi ginen». Gaur egun, guztira, sei ortu dauzkate; horietako lau Almikan eta bi Demikun.
Zerotik hasi behar izan zuten; lursailak sasiz beteta zeuden. «Hasiera zaila izan zen, ez ziren lehenengora gauzak ateratzen. Kanpotik dena polito ikusten bazen ere, kostatu egin zitzaigun», dio Ojinagak. Hiru hilabete igarota, hala eta guztiz ere, gauzak beste modu batera ikusten dituzte orain, proiektua forma hartzen doa eta.
Ortuari ugari landatu dituzte: indabak, kalabazak, kalabazinak, pepinoak, piperrak, piperminak, tomateak…
Neguko landaketekin ere hasita daude dagoeneko; 11.000 porru landatu dituzte, esaterako. Azak, azaloreak eta bestelakoak ere aurki daitezke Lurre Hurre proiektuaren ortuetan. Asteon fin ibili dira neguko ortuariak landatzen.
Ekoizpena «handia» da, eta «zorionez» hornitzaile bat daukate ortuari ezberdinen hainbat kilo erosteko prest. Hala ere, udal merkatu plazan ere aurki daitezke horiek landatutakoak.
Aurrera begira otzarak prestatzeko asmoa daukatela iragarri du Ojinagak: «Sare bat eratzea da asmoa sarrera fijo bat lortu asmoz».
Arrantzale mundutik. Lurre Hurre proiektuan parte hartzen ari diren bost senegaldarrak Almikan bertan bizi dira, elizak utzitako aterpetxean; 21 eta 34 urte bitarteko gazteak dira, hain zuzen.
Arrantzale kulturan daukate jatorria, horietako batzuk horregatik daude Bermeon. «Hona iritsi eta dokumentazio eta paperik ez, eta ezin izan dute arrantzale modura jardun; horien zain daude.
Birziklatu egin behar izan dira, eta nekazari lanak ikasten dabiltza. Gustura eta pozik dabiltza»
Formakuntza beka bat modura funtzionatzen du Lurre Hurre proiektuak. Hortaz, proiektuan parte hartzen ari direnak hilero soldata bat hartzen dute. «Elizako aterpetxean bizi direnez, gainera, ez daukate alokairua ordaindu beharrik. Elikadura gastuak baino ez daukate. Orduan, lehen zeukaten egoeragaz alderatuta, orain askoz ere hobeto daude». Hamazortzi hilabeteko formakuntza beka bat da, bi udaldi eta negu bat tarteko. Hori da parte hartzaileekin hartuta daukaten konpromisoa. Aipatu formakuntza nekazaritzan eta pedagogian adituak diren pertsona boluntario talde batek zuzentzen du.
Formakuntza programa oso zabala da, hainbat eta hainbat gauza ikasten dabiltza. Esaterako, nekazaritza ekologikoaren oinarrizko printzipioak ikasten dabiltza. Landatuko diren lursailak nola landu ere ikasten ari dira, bai eta horretarako egin behar diren lan guztiak ere. Bestalde, traktoreagaz egin behar diren ezinbesteko lanak noiz, nola eta zergatik egiten diren ikasiko dute. Landatzen den labore bakoitzari egin beharreko lanak erakutsiko zaizkie. Produktua ahalik eta hoberen ernatzea, landatzea, garatzea eta uztatzea ahalbidetzen duten era guztietako lanak ere erakutsiko dizkiete. Gainera, landaketa distantziak, laborearen behar hidrikoak eta ureztatze egokiaren garrantzia azalduko diete.
Baratzeko tresnak erabiltzen ikasi dute, bai eta horiekin lan egiteko segurtasun arauak ere. Era berean, etxean sortzen dituzten hondakin organikoekin kalitatezko konposta egiten ikasteko aukera ere edukiko dute, eta bestelako ongarri organikoak egiten erakutsiko diete.
Momenturen batean sortu daitezkeen baratzeko produktu soberakinekin barazki kontserbak zelan egin daitezkeen ere ikasiko dutela azaldu dute.
Nekazal lanbide formakuntzagaz batera, gizarteko esparru ezberdinetan aditu diren pertsonen laguntza bilatuko dutela azaldu dute, beharrezkoak diren gaiak jorratu aldera: legedia, eskubideak eta betebeharrak, lan mundua, berdintasuna, euskara, administrazioa, gizarte antolaketa…
Bestalde, orain arte abeltzaintzari buruz ez dute ezer landu, eta gurako lukete, «euren kontsumorako bada ere». Posible bada, hortaz, hurrengo pausoak abeltzaintzatik emango dituzte.
Jarraipena. Formakuntza beka amaituta, horien ibilbidea baserri kontuetara zuzentzea izango litzateke egokiena Ojinagaren ustean. Landa garapen proiektuen bitartez pertsona migranteentzako bizitza aukerak bilatzea baita helburuetako bat, «beharrizanak aukera bilakatuz». Formakuntza bekagaz jarraitzea ere bada asmoa: «Oraingo parte hartzaileak izan daitezke gerokoen irakasleak. Ea posible dugun lur gehiago eskuratzea eta sareak finkatzea eta sendotzea». Ojinagaren esanetan, auzotar batzuk prest daude euren lurrak uzteko. Etengabeko ekina gura dute.
Mota horretako proiektuak «posible direla eta egingarriak direla» erakutsi gura dute. Beste leku batzuetarako, gainera, «baliagarria izan daitekeela erakustea dute helburu; hori da daukaten erronketako bat. Proiektua erreferente izan daitekeela uste dute.
Proiektuak dituen helburuak lortzeko beharrezko finantzaketa lortzea (giza baliabideak eta materialak bermatzeko) dute erronketako bat:«Lurre Hurre proiektua jaio zen moduan jaio zenez, oraingoz, gu geu, horretan boluntario lanak egiten ari garenok aurreratzen dugu dirua. Momentuz, horrela gabiltza. Oraingoz, ez da diru laguntzak eskatzeko unea, urrian hasten dira. Orduan eskatuko ditugu diru laguntzak ea zerbait lortzen dugun». Proiektuaren garapenean lagundu ahal duten aliatu bila ari dira, hortaz, Lurre Hurrekoak. Diotenez, batzuk badituzte buruan, eta hasita daude harreman batzuk ereiten.
Proiektua jendearen gustukoa izaten ari dela uste du Ojinagak.