Lointek Gernika Bizkaiak Superkopa jokatuko du asteburuan
Gernika Superkopan egongo da lehenengoz. Valencia Basketen kontra lehiatuko du finalaurrekoa, zapatuan. Garaipena lortzeko "moduan egoteko lan egin" dutela dio Naiara Diez kapitainak.
Lointek Gernika Bizkaiak lehenengoz jokatuko du Superkopa. Valencia BCren kontra lehiatuko du finalerdia zapatuan (19:00). Irabaziz gero, Spar Girona edo Perfumerias Avenidari aurre egin beharko dio biharamunean. Bilbao Arenak hartuko du txapelketa, aforo mugatuagaz, baina Teledeporten zuzenean eskainiko dituzte partiduak.
Ilusioa eta lana. Hitz horiekin laburtu du Naiara Diez kapitainak daukaten erronka. Haren berbetan, taldea ondo dago, eta Euskal Kopa irabazteak eman dien konfiantzagaz doaz Bilbora.
Argi dauka lehiatzeko eta nahi duten taldea izateko oraindik lan asko dutela egiteko: “Baina horretan gaude. Garaipenek beti indarra ematen dizute. Euskal Kopa irabaztea guretzat polita izan da. Baina ez dugu ahaztu behar lan egiten jarraitu behar dugula. Momentu on batean gaude; oraindik falta zaigu”.
Superkopa «etxean» jokatzen dutela eta, irabaztera doazela nabarmendu du: “Behintzat lehen partidua. Zaila izango dela badakigu, baina prest daude”. Valenciak fitxaketa oso onak egin ditu, eta talde on bat egitea lortu dute: “Garaipena lortzeko moduan egoteko lan egin dugu. Beraz, bere jokalarien kalitatea deuseztea eta gure jokoa egitea izango dira gure zereginak. Batez ere gure defentsa oso gogorra izan behar da, eta denboraldi-aurrean egin dugun moduan, baloia mugitu eta ahal dugun hobeen jokatu”.
Azken astean defentsan “aurrerapauso handia” eman dutela zehaztu du « batez ere intentsitatean, hitz egitean eta errotazioetan”, eta nabaritzen dela egindako lana: “Hori hobetu dugu, eta espero dugu Superkoparako beste aurrerapauso bat ematea. Erasoan jokalari berri asko daude, sistema berri asko. Entrenatzaileak proposatzen duen jokatzeko era oso polita eta erakargarria da, baina ez da erraza moldatzea; denbora behar da. Azken bi asteotan asko hobetu dugu”. Etorri berriak ondo egokitu direla uste du: “Taldearen barruan kimika dagoela nabaritzen da. Hori oso garrantzitsua da, kantxan nabaritzen delako. Ondo moldatu dira, eta oso pozik gaude hemen daudelako. Talde bikaina izango garela uste dut”.
“Etxeko taldea” izango da Lointek, eta estreinakoz parte hartuko du Superkopan, baina “presiorik barik” joan behar dutela adierazi du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. “Jokalari batzuk fisikoki beste batzuk baino hobeto badaude ere, oro har, taldea primeran dago zapatuan lehiatzeko”.
Aurkariak talde sendoa osatu duela gaineratu du: “Bospaseik jokalarik Euroligan jokatu dute, eta euren selekzioetako jokalari garrantzitsuak dira. Postu bakoitzerako bi jokalari on dituzte, eta batzuetarako hiru. Erritmo bizia jarriko dute, eta erritmo horri eusten ahalegindu beharko dugu. Barruko jokoa oso ondo indartu dute, kalitatezko jokalari handiekin”.
Eurei dagokionez, “beti egiten duten moduan, jokalarien ezaugarrien araberako estiloa” planteatu dutela dio. Beste behin azpimarratu du defentsa sendoa izatea giltzarria dela: “Momentu batzuetan bakarrik ez, 40 minututan mantendu behar da defentsa sendoa, erasoan lasaiago jokatu ahal izateko. Konstantzian eta erregulartasunean hobetu behar dugu, eta hori lantzen ari gara”.
Hainbeste urtetan Emakumezkoen Ligan egonda, Superkopa lehiatu ahal izatea “lorpen handia” dela azpimarratu du gernikarrak, eta aukera aprobetxatu eta gozatu egin behar dutela: “Hemen bagaude aurreko denboraldian egindako denagatik da; denboraldi ikusgarria egin genuen”.
Marea granaterik barik
Klubaren izenean, Gerardo Candina presidenteak esan du pozik eta ilusioz daudela. Pena bakarra, «marea granatearen babesa» ez izatea dela gaineratu du: “Bilbon jokatu dugunetan milaka zale joan dira, eta zale horiek bultzada ematen diote taldeari. Guretzat seigarren jokalari da, eta pena da. Babes hori behar da, eta gure zaleek ere merezi dute han egotea”.
Protokolo zorrotzagaz egingo dute txapelketa. Lointekekoek martitzenean egin zuten PCR proba, eta denek negatibo eman zuten. Avenidako jokalari batek positibo eman eta hura isolatu ostean, gainontzekoek atzo egin zuten beste PCR bat. “Federazioak protokolo izugarria prestatu du, ezer ez pasatzeko. Ia ezinezkoa da kutsatzeren bat egotea. Burbuila ikaragarria da. Asteon hiru PCR egingo dizkiogu talde osoari. Federazioak hau arrakastatsua izatea nahi du, arazorik ez egoteko, eta hilaren 19an liga hasteko”, azaldu du Candinak.
Ziurgabetasunez betetako uneak izan arren, ligako talde guztiak indartu direla dio Lopezek, eta apurka-apurka “ligaren maila igotzen” doala: “Gainera, kanpoan jokatzen zeuden Espainiako selekzioko jokalari batzuk bueltatu dira, eta horrek, kalitate aldetik plus bat ematen dio ligari”.