Halloween Metal Fest jaialdia bertan behera utzi dute
Ohi legez, Bermeoko Kafe Antzokian ospatu behar zuten jaialdia, aurten, urriaren 31n.
Spookypheria Productions elkarteko kideek Halloween Metal Fest jaialdirik ez egitea erabaki dute. Ohi legez, Bermeoko Kafe Antzokian ospatu behar zuten jaialdia, aurten, urriaren 31n.
“Koronabirusagatik egoera berriro okertzen ari da, eta ez dugu inoren osasunarekin jolastu gura; gauzak ondo egitea gustatzen zaigu, gainera. Horregatik, gure ustez, 2021.urteak dakarkigunari itxarotea izango da denontzako onena”, diote Spookypheriakoek.
Datorren urtean “normaltasun osoz norbait besarkatzea edo lagun batekin garagardo bat partekatzea” berriro posible izatea espero dute.
Childrain, Orion Child, Overdry, Drago eta Elizabeltz musika taldeak igo behar ziren aurtengo jaialdian. Azaldu dutenez, taldeek Spookypheria elkarteak hartutako erabakia ulertu, errespetatu eta partekatu dute. Horiek guztiak, hala ere, datorren urteko edizioan egotea espero dute.
Jakitera eman dutenez, aurtengo jaialdirako sarrerak erosita daukaten horiek, dirua jasoko dute bueltan. Horretarako, sarrerak erosi dituzten webgune berdinera jo beharko dute.
Elkarteak hartutako erabakia ulertzea espero dute, eta urte hauetan guztietan Halloween Metal Festarengandik agertutako maitasuna eskertu gura izan dute.