"Gustura sentitzen naiz, eta ohore bat da hemen egotea"
Marta Alberdi gernikarrak ilusioz hasi du bere lehen denboraldia lehen taldeagaz. Jokalari moduan hazten joatea da bere helburua, eta taldekieengandik eta entrenatzailearengandik ikasteko gogotsu dago.
Klubeko harrobitik zatoz, eta lehen urtea da lehen taldeko jokalari moduan. Espero zenuen aukera hau?
Hiru urtetan zehar entrenatu dut lehen taldeagaz, eta minutu batzuk aprobetxatu ditut. Aurten ez nuen espero. Mariok deitu zidanean azaldu zidan zelako taldea osatu nahi zuen, plantilla zabalagoa. Gehiago ikasteko aukera ikusi nuen, eta pertsona moduan eta kirolari moduan hazteko aukera da.
Gernikar bakarra zara. Presioa igartzen duzu?
Bai bada presioa. Herritar bakarra naiz, eta minutu asko eduki ez arren, begiradak zure gainean daude. Baina, presioa baino gehiago, gustura sentitzen naiz, eta ohore bat da hemen egotea.
Pertsonalki ze helburu edota erronka dituzu denboraldi honetarako?
Helburu nagusiena ez da minutuak edukitzea. Hazteko aukera bat ikusten dut, eta zer hobetu dudan horretan hobetzea da nire asmoa. Entrenatzailearengandik eta jokalariengandik ikastea da helburua.
Zelan ikusi zenuen taldea Euskal Kopan?
Euskal Kopara nekatuta heldu ginen, igarri egiten da aurre-denboraldian gaudela, hanketan pisua daukagula. Minutuak pasatu ahala, hobetzen joan ginen, eta finalean zapore onagaz geratu ginen, bai defentsan hobetu genuelako eta baloia gehiago elkartu genuelako.
Superkopan aukari gogorra daukazue.
Gogoakaz goaz, inork baino gogo gehiago ditugu, eta argi dago ahalik eta hobeen egingo dugula. Aurten ikusi da Valenciak talde ezin hobea egin duela. Ez dakigu ezer euretaz, ez dute ezer argitaratu eta ez dugu euren partidurik ikusi. Baina gogoakaz eta buruagaz jokatu behar dugu; hor egongo da partidua.
Urtero jokalari berriak etortzen dira. Zelan doa taldean bat egite hori?
Egia da ez dela erraza jokalari berriekin hastea talde berri bat. Baina, aurten kimika dago; denon artean nahikoa ondo ulertzen ari gara, eta giroa ezin hobea da, eta oso pozik gaude.
Lointek Gernika Bizkaiak aurten beste pauso bat ematea al da helburuetako bat?
Urteroko helburua da pauso bat gehiago ematea. Uste dut lana eta ilusioa direla gauza garrantzitsuenak.