Guraso eta etorkinentzako euskara eskoletan izena emateko epea zabalik da
Bermeoko Udalak familia bidezko transmisioa indartu gura du, eta, horregaz batera, Bermeora kanpotik datozenentzat euskara ikasteko aukera zabaldu.
Beste urte batez, Bermeoko Udalak gurasoentzako eta etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Batean zein bestean parte hartu gura dutenek irailaren 30era arteko epea daukate izena emateko, Berhaz bulegoan.
Jakitera eman dutenez, ikasturte honetako eskolak egungo egoera moldatuta egongo dira, eta hortaz, ikastaro guztiak indarrean dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak “zorrotz” beteta egingo dira.
Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian emango dituzte. Horien helburua da familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea. Euskararik ez dakitenek zein jakin arren alfabetatu gura dutenek parte hartu ahal dute.
Etorkinei zuzendutako ikastaroak, berriz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian eskainiko dituzte. Aipatu ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna landuko dute, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Etorkinei euskara ikasteko aukera ematea eta integrazioa erraztea dute helburu.
Biek ala biek 120 orduko iraupena izango dute, eta urrian hastekoak dira. Aurreko urteetan bi ikastaroek emaitza “oso onak” izan dituztela esan dute euskaltegietako ordezkariek
Bermeoko euskara teknikari Maite Zaratek ikastaroek aurrera egiten duten bitartean, guraso zein etorkinek Berbalaguneko taldeetan euskara praktikatzeko aukera izango dutela gogorarazi du: “Euskara ez da gela barruan bakarrik ikasten”.
Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Kepa Zumetak, bestalde, herritarrek lehenengo berba euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du, eta lan horretarako, euskaltegiak “ezinbestekoak” direla uste du. Hizkuntza baten osasuna neurtzeko adierazlerik garrantzitsuena erabilera dela gogorarazi du: “Beraz, egin dezagun euskaraz berba”.
Diru laguntzak. Aurten ere euskara ikasteko diru laguntzak egongo direla zehaztu dute. Horiei buruzko informazioa gura dutenek, hala ere, euskaltegietara jo beharko dute. Azaldu dutenez, HABEk, udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituzte, “ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan ahalik-eta erraztasun handiena izan dezaten”.