... eta hobeto maitatzeko gogoz
15 urte beteko ditu Busturialdeko Hitzak abenduaren 15ean, eta urteurrena irakurleekin batera ospatu gura du; ’Maita dezagun ondo’ bideo lehiaketa astelehenean hasiko da
Busturialdeko Hitzak 15 urte beteko ditu laster. 2005eko abenduaren 15ean kaleratu zuen lehenengo zenbakia, eta urteurren honetan irakurleak, laguntzaileak, harpidedunak, bezeroak… orain arteko bidelagun danak ondoan eduki nahi ditu. Haiei esker, Busturialdeko Hitzak posible izan du hamabost urtetan euskaraz informatzea eta Busturialdean gertatzen denaren berri zabaltzea. Alkar zainduz, alkar maitatuz.
Urteurren berezi hau modu ezbardinetara ospatu gura du Busturialdeko Hitzak, eta irakurle eta herritarrak protagonista izango diren bideo lehiaketa izango da horietako bat. Gure hizkuntzarekiko, gure eskualdearekiko, gure herritarrekiko, gure irakurleekiko… maitasunak egin du posible euskarazko komunikazio proiektuak 15 urte betetzea. Hala, bideo lehiaketaren gaiak ere gai konkretu bezain orokorra izango du ardatz: Maita dezagun ondo.
Astelehenean hasiko da lehiaketa, eta maitasuna hari izango duten bideo laburrak jaso nahi ditu tokiko komunikabideak, gehienez minutu batekoak.
Bideo lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra da adinez nagusikoa izatea, eta adinez txikikoek nagusiekin eta tutorearen baimenarekin bakarrik parte hartu ahal izango dute. Lanak busturialdekohitza15@gmail.com helbidera bidali behar dira, edo WhatsApp bidez, 647 355 009 zenbakira. Bideoaren izena, parte-hartzaileren baten izen-abizenak eta kontakturako telefonoa ere adierazi beharko dira bideoa bidaltzerakoan. Parte hartzeko azken eguna urriaren 9a izango da.
Sariak. Bideo lehiaketan parte hartzen dutenen artean hiru sari banatuko ditu Hitzak. Bideorik onenaren egileek irteera geologikoa egingo dute Mutrikuko Flyschean. Bigarren eta hirugarren saridunek, Gernikako Obaba, Inurri Gorria, Berezi eta Bermeoko Luma liburudendetan gastatzeko bonoak eskuratuko dituzte.
Urteurrenaren harira, gainera, 15 urteetako ibilbidea jasotzen duen orrialde berezia ere sortu du Busturialdeko Hitzak bere webgunean: Sartu hemen