OEE Busturialdeak antolatutako erakusketa ez da egingo
Lameran jarri behar zuten argazki erakusketa, 12:00etatik 20:00etara.
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformako kideek argazki erakusketa zeukaten gaurko aurreikusita. Bermeoko Lameran jarri behar zuten erakusketa, 12:00etatik 20:00etara. Argazki erakusketaz gain, materiala saltzekoak ziren. Azaldu dutenez, “Bermeoko alkatearen aginduz” bertan behera utzi beharra eduki dute.
Atzo iluntzean udaltzainburuaren deia jaso zutela diote Busturialdeko OEEko taldekideek: “Alkatearen aginduz erakusketa bertan behera geratu behar zela esan zigun, jaietan jendetza ez batzeko aitzakiagaz”.
Busturialdeko OEE plataformako kideek argi utzi gura dute esandakoa betetzea erabaki dutela, “baina ez daudela ados ez formekin ezta emandako argudioekin ere”.
Gaur jartzekoa zen argazki erakusketa Europako karabana 2020 programaren barruan, abuztuaren 29an, egin behar zen, baita material salmenta ere. Eguraldi txarragatik, baina, ezin izan zuten egin. Diotenez, horregaitik eskatu zuten irailaren 8an egitea.
“Zoritxarrez, OEEko argazki erakusketetan eta ekitaldietan ez da jendetzarik batzen”, azaldu dute. Gainera, egin dituzten ekitaldi guztietan osasun eta segurtasun neurri guztiak bete dituztela aipatu dute. “Zentzurik bako aginduak bete behar ditugun bitartean, munduko muga askotan migranteak eta errefuxiatuak hiltzen jarraitzen dute, askok jakin eta ikusi barik”.
“Oztopoak oztopo” lanean jarraituko dutela diote: “Argazki erakusketa eta material salmenta orain ezin badugu egin, ahaleginduko gara beste data batean egiten”.