Martxotik hutsik egon diren ikasgelak betetzen hasi dira ikasleak
Aurrez aurreko eskolei ekin diete gaur Busturialdeko ehunka ikaslek. HH, LH eta DBH 1 eta 2koen txanda izan da gaurkoan.
Hasi da 2020-2021 ikasturtea. Motxila hartu, eta eskolarako bidea egin dute gaurkoan [irailak 7] berriro ere Busturialdeko ehunka ikaslek; sei hilabetez hutsik egon diren ikasgeletara bueltatu dira. Hain zuzen ere, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBH 1 eta 2 mailetako ikasleen txanda izan da gaurkoan. DBH 3 eta 4. mailako ikasleek eta Batxilergokoek, bestalde, irailaren 14 eta 15ean ekingo diote ikasturte berriari.
Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan ere, hilaren 14an bueltatuko dira bigarren mailakoak eta hilaren 16an, berriz, lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak beranduago hasiko dira: bigarren mailakoak irailaren 21ean, eta lehen mailakoak 23an.
Dudarik barik, koronabirusaren ikasturtea izango da aurtengoa. Iratzargailua ipini, hezkuntza zentroetara buelta egin, aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta irakasleekin topo egin… eta urteroko berritasunez gain, eskolara sartzeko orduan COVID-19aren hedapena geldiarazteko hartu beharreko aparteko segurtasun neurri zorrotzak izan dira gaurko protagonista nagusiak.
Martxoan azkenekoz eskolara joan zirenetik asko aldatu dira gauzak. Sei urtetik gora ikasleek, esaterako, maskara jantzita egin dute eskolara bidea, eta irakasleek ere horrela eman diete ongietorria. Izan ere, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gordetzen bada ere derrigorrezkoa da maskararen erabilera.
Horrez gain, ikasleak ahalik eta modurik antolatuenean sartu behar izan dira ikastetxeetako ikasgeletara. Txandaka antolatu dituzte ikasleen sarrera-irteerak, eta jolastordua ere mailakatua izango da. Bakoitzak bere material propioa eraman beharko du, eta ezingo du elkarbanatu.
Unibertsitateetako ikasle batzuk ere bertaratu dira ikasgeletara. Horiek ere maskara jantzita eraman behar izan dute, eta distantziak mantentzeko neurriak errespetatu behar izan dituzte. Hala ere, EHUren zenbait fakultatetan astebete atzeratu dituzte eskolak. Erabaki hori hartu du, esaterako, Gasteizko Hezkuntza Fakultateak.
Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren Hezkuntza sailburuak gaur adierazi duenez, Covid-19k sortutako egoerak okerrera egiten badu, ikastetxeak ixten azkenak izango lirateke, “pandemiagaz bizi egin behar delako”. Celaak azpimarratu du eskolaren onurak ordezkaezinak direla eta Espainia prest dagoela haurrak eskolara eramateko, baina higiene- eta osasun-kontroleko arauak eta neurriak jarraitzearen garrantzia nabarmendu du.
Hori egin ahal izateko “giza baliabide gehiago kontratatzea” dela irtenbidea dio, eta, horretarako, 2.000 milioi euro jarri zituztela erkidegoen esku esan du: “Eskoletan langile gehiago kontratatzea bezalako neurriekin batera, pertsonen arteko distantziari, higieneari eta espazioen optimizazioari buruzko osasun neurriak ere hartu behar dira”.
Sindikatuen deia
Ikasleak ikastetxeetara bueltatzen hasi dira, baina Jaurlaritzako Hezkuntza sailak egindako kudeaketa “onartezina” eta “arduragabea” dela salatzeko mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek.
Barikuan elkarretaratzeak egin zituzten eskoletan, eta eguenean elkarretaratzeak egingo dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzen aurrean; 18:00etan jarri dituzte hitzorduak.
Irailaren 15erako, berriz, greba deitu dute. “Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako sindikatuok hezkuntzan aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitzeko mobilizatzeko deia egiten dugu”. Deialdiak sare publikoko zein itunpekoei eragingo diela jakinarazi dute.