Lointek Gernika Bizkaiak IDK Euskotrenen kontra jokatuko du Euskal Koparen finala
Finalaurrekoan lau puntugatik irabazi dio talde gernikarrak Tarbes Gespe Bigorre frantziarrari. Bestalde, azken hiru urteetako Araski txapelduna garaitu du IDK gipuzkoarrak.
Lointek Gernika Bizkaia Euskal Koparen finalean ariko da, beste urte batez. IDK Euskotrenen kontra lehiatuko du finala bihar [irailak 5] 12:00etatik aurrera. Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du.
Bi taldeek alde estuagatik irabazi zituzten atzoko finalaurrekoa. Talde gernikarrak iluntzean lortu zuen finalerako txartela, Tarbes Gespe Bigorre frantziarrari 55-51 irabazita. Talde gipuzkoarra, berriz, azken hiru urteetako Araski arabarraren kontra 66-64 nagusitu zen arratsaldean.
Partidua amaitu osteko adierazpenetan, Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak zehaztu zuen partidu “gogorra” izan dela: “Frantziako taldeek beti eskaintzen dituzte partidu gogorrak: fisikoak eta intentsitate handikoak”. Frantziarrak abuztuaren 1ean entrenatzen hastea igarri zela uste du,”fisikoki apur bat gainetik” ikusi zituen. Eurak, baina, partiduan “behetik gora” joan zirela esan zuen: “Defentsan ez gara ondo hasi, baina, apurka-apurka sendotu egin gara. Denboraldiaren une honetan logikoa den moduan, oraindik ere gauza asko ditugu hobetzeko; hazten segitu behar dugu, batez ere, erasoan”.
Bestetik, Lointekeko Belen Arrojoko andaluziarrak esan zuen, “partidu konplexua” izan zela, eta helburua bete dutela. “Denboraldi aurreko bigarren partidua izan da, eta ondo etorri zaigu, etorkizunean landu beharreko alderdiak ikusten ari baikara”.
Sarrerak. Atzoko bi neurketak ikuslerik barik lehiatu zituzten, eta Euskal Saskibaloi Federazioaren Youtubeko kanaletik ikusteko aukera izan zuten zaleek. Biharko finala, baina, publikoagaz jokatuko dute. Doako sarrerak dira, eta aurretiaz eskuratu behar dira ( euskalkopa.entradas.plus ).
152 sarrera dituzte. Etxe berekoek bina sarrera hartu ahalko dituzte, gaur 15:00ak arte, eta 15:00etatik bihar 11:00ak arte erreserbatu ahal dira bakarkako sarrerak.