"Ez da liburu historiko bat; herrirako eta familientzako egina da"
Bedaronatik, Eatik eta Natxituatik munduko txoko askotara joandako herritarren historia eta istorioak bildu ditu Esther Korta Gabiola bedarutarrak Ameriketara eta… liburuan.
Ameriketara liburua idatzi zenuen orain dela lau urte, eta Ameriketara eta… kaleratu duzu orain. Zelan osatu duzu?
Lehen liburuan Bedaronatik Ameriketara joandakoen berri jaso nuen. Hemendik joandakoen %99 hara joan zirelako, eta gehienbat artzain lanetara. Bigarren honetan udalerri osotik AEBetara, Kanadara, Mexikora, Argentinara, Venezuelara, Txilera, Zeelanda Berrira, Australiara, Gineara, Filipinetara… joandakoak bildu ditut. Mundu zabalera joandakoak dira liburu honetakoak, eta lehenengo hura AEBetara joandakoena zen.
AEBetara joandakoei buruzko kontuak herri askotan entzuten dira. Baina, esan moduan, hemen askoz gehiago dago.
Bai, esaterako, Ean merkantzia ontzietako itsasgizonak asko egon dira. Horiek sarritan Filipinetara bidaltzen zituzten, eta han lehorrean geratzen ziren beharrean. Askok bertan negozioak egin zituzten, eta bertan geratu ziren. Halaber, badira lehorreratze batzuetan hondoratutako itsasontzi bati laguntzen edota filipinarren eta japoniarren arteko gudan parte hartu zutenak ere.
Zer dela eta egin duzu?
Beti eduki dut hau egiteko gogoa. Kanpora joandakoen familiakoa naiz. Aitona, birraitona eta familia Ameriketara joan ziren artzain, eta osaba Idahon daukat. Aitaren partetik, Australiara joan ziren, tartean aita bera. Beste herri askotatik moduan, guretik jende asko joan zen; askok han eta hemen daukagu familia. 785 bat pertsona ageri dira, 1.860-1.970. urteen artean joandakoak edota seme-alabak dira.
Zelan aurkitu duzu horrenbeste jende?
Hemengoa naizenez, jendea ezagutzen dut. Lehenengo zerrenda bat egin nuen. Batak eroaten zaitu bestearengana, eta artxiboetan ere aurkitzen dituzu. Kanpoko gehienekin Facebook bidez hitz egin dut, baita emailez ere, eta batzuek telefonoz deitu didate. Hemengoen ondorengoak diren kanpokoek aparteko sentimentu bat daukate. Esku zabalik hartu naute. Ez dakite nor naizen ere, eta benetan eskertu egiten dute halako lan bat egitea, eta daukaten informazio guztia bidaltzen dizute. Ondo hartzen dute.
Ordu asko eta ia lau urteko lana dago argitalpenean. Erraza al da informazioa lortzea?
Lan gogorra da. Denbora librean egiten dut, ahal dudanean, eta nire kontura. Hemen landa lana egin behar da; ez dut elkarrizketa bat prestatzen. Etxerik etxe, familiaz familia joaten naiz galdetzen eta zer kontatzen duten entzuten. Batzuk ahozko lekukoak dira, kanpoan egon zirenak edo egon zirenen ondorengoak. Hemen dauden batzuek kanpokoen kontaktuak eman dizkidate, eta horiekin harremanetan jartzen naiz, eta haiek informazioa bidaltzen didate. Eta erregistroetan ere asko begiratu dut, esaterako, zein itsasontzitan joan ziren edo non lan egin zuten jakiteko. Ilustratzeko polita izaten da. Jendeari esker lortu da lan hori, haiek gabe ezin izango nuen egin, eta benetan eskertzen dut guztien laguntza.
Hiru hizkuntzatan dago.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago, denei heltzeko. Grafiaren aldetik, ia-ia izen gehienetan artxiboetan agertzen den grafia jarri dut, ‘c’-gaz edo ‘ch’-gaz daudenak, adibidez. Beste batzuetan gertatu da euren abizenak oker agertzea. Izan ere, hara joaten zirenean, eta aduana pasatzean, adibidez, Ameriketara joan zirenek ez zekiten ingelesez, eta eurek zuzen esan arren, hango funtzionarioek ulertzen zuten moduan idazten zuten. Bitxia da halako gauzak agertzea, baina artxibo askotan hala daude. Adinetan ere batzuetan gezurra esaten zuten pasatzen uzteko. Horrek gauzak beti egon dira, orain eta lehen ere bai.
Liburua zelan antolatu duzu?
1.000 orrialde pasatxo ditu. Ez da poltsikoan eroateko liburu bat, mahai gainean lasai irakurtzekoa baino. Hiru pertsonak hitzaurrea egin didate, tartean, William Douglassek egin dit sarrera moduko bat. Aitzindaria da halako lanetan, eta beti ezagutu gura izan dut. Pasadan urtean ezagutu nuen Bilbon, Australiara joan zirenei buruzko bere liburua aurkeztera etorri zelako. Euskal Australiar Elkartean nago, eta saioaren aurkezpena egin nuen. Elkarren berri bageneukan. Lehenengo partean, nora eta zergatik joan ziren kontatu dut apur bat. Denetarik dago: zestalariak, artzain joandakoak, emakumeak, itsasgizonak, Filipinetara joan eta azenderoak egin zirenak, Australian kainaberak ebakitzen aritzen zirenak… Beste guztia biografiak dira. Argazki pila bat daude, jendeak estimatu egiten ditu. Ilustratzeaz aparte, betiko geratzen den kontu bat dela pentsatzen dut.
Abuztuan kaleratu berri duzu. Zelako erantzuna izaten ari da?
Jendeari gustatu zaio. Ez da liburu historiko bat. Herrirako eta familientzat egindakoa da. Hor geratu dadin. Gure aurrekoak zer ziren, nondik gatozen eta asko zergatik gauden gauden moduan ulertzeko balio du.
Pasadizo asko entzungo zenituen, ezta?
Asko. Esaterako, Natxituako bat Ameriketan dago jubilatuta, eta hark audio bat bidali zidan bere bizimodu guztia kontatzen, eta bere horretan ipini dut. Eta Jesusa Guridiren historia oso hunkigarria da. Askotan irakurtzen dut, eta oraindik ere hunkitu egiten nau. Nora zihoan ez zekiela joan zen. Aita eta nebak Ameriketan zituen, eta hara joan zen. Lanean egon zen, eta bertan ezkondu zen. Hilda dago, baina idatzita utzi zuen bere istorioa, eta lobari eskatu nion liburuan sartzeko baimena. Hauek dira bere azken berbak: “Orain esan ahal dut pozten naizela hona etortzeaz”.
Liburua prestatzen zenbiltzala ere pasadizorik bizi izan duzu?
Liburu hau egiten nenbilela, tartean batzuk hil dira, bai ahozko lekukotzak eman dituztenak eta bai familiakoak. Eta liburua egiten nenbilela, Ameriketatik bi familia eta filipinarrak diren baina Zeelanda Berrian bizi diren familia bat etorri ziren hona euren jatorria eta familiak ezagutzera. Ez zekiten nortzuk ziren ezta non zeuden ere. Esaterako, bikote filipinarra euren aitonaren lehengusina bat ezagutzera etorri zen. Eurak liburuan agertzen direnen ondorengoak dira. Eurekin harremanetan jarri nintzen informazioa jasotzeko, eta gero etorri ziren. Nik ere ezagutu nituen, eta hemen egon zireneko argazkiak ere jarri ditut.
Zer ematen dizu halako lanak egiteak?
Halako lanekin dirurik ez da irabazten, baina horrek berdin dio. Hau egiten dut nik nahi dudalako. Udalaren diru laguntza jaso dut, eta beste guztia nik ipini dut. Badakit zer den mundu hau eta zer den lan hau. Jendeak estimatu duela ikusteak betetzen zaitu. Eskertzen dizute, eta horrek balio du.
Etnografia eta kultur arloko proiektuetan esperientzia daukazu. Noiz hasi zinen halako ikerketa lanetan?
Beti egon naiz halakoak egiten, ez dakit noiz hasi nintzen ere. Etniker Bizkaiaren kidea naiz, eta hemengo udaleko hainbat kontuan parte hartu dut: bertoko ipuinak eta kontuak batzen zituen Antzinako kontuak liburua egin nuen, mapa toponimikoa osatzen lagundu nuen… Eta diasporako kontuetan eta beti egoten naiz. Mundu hau gustatzen zait